HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 14

Aldi hartan, han zegoen Joan Bataiatzailea bere bi ikaslerekin. Jesus handik igarotzen ikusirik, esan zien: «Horra Jainkoaren Bildotsa». Bi ikasleek, hori entzunik, Jesusi jarraitu zioten. Itzuli zen Jesus eta, jarraitzen ziotela ikusirik, esan zien: «Zeren bila zabiltzate?». Haiek erantzun: «Rabbi, non bizi zara?» (Rabbik «Maisu» esan nahi du). Jesusek esan zien: «Zatozte eta ikusiko duzue». Joan ziren, ikusi zuten non bizi zen, eta harekin gelditu ziren egun hartan. Arratsaldeko laurak inguru zen. Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten bietako bat Andres zen, Simon Pedroren anaia. Andresek bere anaia Simonekin egin zuen topo lehenengo, eta esan zion: «Mesias aurkitu dugu». (Mesias hitzak «Kristo» esan nahi du, hau da, «Gantzutua»). Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek, begira-begira jarriz, esan zion: «Simon zara zu, Joanen semea; aurrerantzean “Kefas” izango da zure izena» (Kefas izenak «Pedro» esan nahi du, hau da, «Harkaitza»).

Joan 1, 35-42.

Jesusekin topo egitea da kristau izatearen oinarrizko ezaugarria, kristau fedearen abiapuntua eta helmuga.

Jesusekin topo egiteko hainbat bide daude, ziur aski, pertsonak beste.

Batzuentzat, familiako bizipena izan da (Joan Bataiatzailea); beste zenbaitentzat, ingurukoen lekukotasuna (izenik gabeko gaurko testuaren idazlea omen dena, Andres, Simon…). Izan familiako bizipena, izan besteen lekukotasuna edo izan beste edozein arrazoi –bideren bat beti da beharrezko–, horietako bat ere ez da nahikoa pertsonak Jesusi jarraitzeko. Seguru asko, oso inportantea izango da pertsonak zer galdera egiten dion Jesusi. Eta pertsonaren bizitzan badira hainbat galdera esanguratsu: maiteko nau(te)?; kinka larri honetatik onik aterako naiz?; arrakastatsua izango ote naiz?; aurten loteria tokatuko zait?…

Baldin eta galdera “non bizi zara?” bada –galdera soil horrek beste iruzkin bat mereziko luke–, gaurko testua idatzi zuen lekukoak dio pertsonaren izena aldatuko dela. Bibliaren logikan, izenak izanari jarraitzen dionez, bizitza guztia eraldatuta geratuko da: “eta harekin gelditu ziren”.

Zer galdera egiten diogu Jesusi?

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Ze galdera egiten diot nik? Ze galdera egiten ari natzaiola erakusten du nire bizitzak? Zer eskatzen diodala neuk fedeari, jarraitzaile izateari…
    Benetan jakin nahi al dut “non bizi den”? Buf. Barkamena eskatzea ateratzen zait… Eta eskerrak ematea nire inguruan “harekin gelditu zirenengatik”…

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude