HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaAbenduak 29
Moisesen legearen arabera, amari garbikuntza egiteko unea iritsi zitzaionean, gurasoek Jerusalemera eraman zuten Jesus, Jaunari aurkezteko. Izan ere, honela dago agindua Jaunaren legean: «Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko dizkiozue». Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskaini behar zuten: «Bi usapal edota bi usakume». Bazen Jerusalemen Simeon izeneko gizon bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoena. Espiritu Santua berekin zuen, eta aditzera emana zion ez zela hilko Jaunaren Mesias ikusi arte. Eta Espiritu Santuak eraginda tenplura joan zen. Legeak agintzen zuena betetzeko gurasoek Jesus haurra tenplura eraman zutenean, Simeonek haurra besoetan hartu eta Jainkoa bedeinkatu zuen, esanez: «Orain utz dezakezu, Jauna, zeure morroi hau bakean hiltzen, Zeuk hitzeman bezala. Ikusi dute nire begiok zugandiko salbamena, herri guztien aurrean Zuk aurkeztua: nazioak argitzeko argia eta zure herri Israelen ospea». Haurraren aita-amak harriturik zeuden haurraz esaten zirenekin. Eta Simeonek bedeinkatu egin zituen, eta haurraren ama Mariari esan zion: «Begira, israeldar asko erortzeko eta beste asko altxatzeko ipinia dago hau; eztabaida sortzen duen ezaugarri izango da, horrela bihotz askotako asmoak agerian geldi daitezen. Eta zuri ezpata batek aldez alde zulatuko dizu arima».
Lukas 2, 22-35.
Egiaz aberatsa Ebanjelioko pasarte hau. Gaur eta ondorengo bi egunetan entzungo dugu. Lukasek kontu asko adierazi nahi dizkigu hitz gutxitan. Errepasa dezagun astiro.
Israelgo herriak ondo zekien guztia Jainkoari zor ziola, harena zela, eta ondasun guztien iturri Jainkoaren maitasun neurri gabea zuela. Horregatik egunero errepikatzen zuten otoitz hau: “Entzun, Israel: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da! Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz.” Eta lehen fruituak, lehen ganadukumeak eta lehen semeak Jaunari eskaintzen zitzaizkion Jainkoaren dohain zirela gogoratzeko.
Simeonek haurra eskuetan hartzean Jainkoaren dohain hori guztiz berezia dela adierazten digu, Jainkoa bera besoetan altxa duenaren kantika bihurtuz bere goralpena. Jesusek berak aurrerago adieraziko du: “Profeta eta gizon santu askok ikusi nahi izan zuten zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun nahi zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun.”
Ireki Jauna gure begiak zure argiak gu ere argi gaitzan eta zure salbamena ikusteko gai izan gaitezen.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments