HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 25

Hasieran bazen Hitza, eta Hitza Jainkoarekin zen, eta Jainko zen Hitza. Hitza hasieran Jainkoarekin zen. Gauza guztiak haren bidez eginak dira, eta egindakorik ezer ez da hura gabe egin. Hitzagan zen bizia, eta bizia gizakien argia zen; argiak ilunpean argi egiten du, baina ilunpeak ez zuen onartu. Agertu zen gizon bat, Jainkoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen, argiaren aitormen egitera, haren bidez guztiek sinets zezaten. Hura ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik. Hitza zen egiazko argia, mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituena. Munduan zegoen eta, mundua haren bidez egina den arren, munduak ez zuen ezagutu. Bereengana etorri zen, eta bereek ez zuten onartu. Onartu zuten guztiei, berriz, haren izenean sinesten dutenei, alegia, Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman zien. Hauek ez dira giza odoletik sortu, ezta giza nahieratik ere, Jainkoagandik baizik. Eta Hitza haragi egin zen, eta gure artean jarri zuen bizilekua, eta ikusi dugu haren aintza, Aitagandik graziaz eta egiaz betea datorren Seme bakarrari dagokion aintza. Joanek hartaz egin zuen aitormen, oihuka esanez: «Hau zen nik esan nuen hura: “Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa baitzen”». Eta haren betearen betetik guztiok hartu dugu, grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emana zen; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoen eta Jainko den Seme bakarrak ezagutarazi digu.

Joan 1, 1-18.

Eguberri jai handia ospatzean, hunkiduraz, harriduraz, xalotasunez, gorespenez beterik aurkitzen garenean Jesus haurraren jaiotza ospatzean, Ebanjelio honek ia hoztu eta ostu egiten digu bihotz berotasun hori. Burmuinaren eskuin hemisferiotik ezkerrekora garamatza amen batean, emozio eta sentipenen mundutik pentsamendu arrazionaletara.

Zalantzarik gabe gertuagoko eta ia ulergarriago gertatzen zaigu Jesus Jainko Gizon eginaren Lukasen eta Mateoren kontakizun mitologikoa.

Kontua da era bateko zein besteko kontakizunak ezinbesteko gertatzen zaizkigula gaur ospatzen dugun misterioaren sakontasunaz jabetzeko. Eta gaurko eguna eta bizitza osoko egunak beharko ditugula Jainkoa gurekin bat egin dela ohartzeko; gure izate osoa (eta egiaz osoa) bere egin duela onartzeko; Jesusen jaiotzarekin guztiok Jainko Aitaren bizira jaio garela konturatzeko; Jesusengan gure bizitzak inoiz amestu ezingo genukeen dimentsioa hartu duela aitortzeko. Eta horretaz gozatzeko, eskertzeko, miresteko…

Egiaz, handia da ospatzen ari garena, hunkigarria, zer pentsatua ematen duena. Baina, batez ere, belaunikatzeko eta Jesus haurrari muin emateko egunak ditugu hauek.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude