HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 14
Aldi hartan, Jaunak esan zuen: «Emazue, zuetako batek morroia duela soro lanean edo artzaintzan. Morroia etxeratzean, “Hator berehala mahaira” esaten ote dio? Ez ote dio beste hau esaten: “Presta iezadak afaria, jantzi amantala eta zerbitza nazak, nik afaldu bitartean; ondoren, afalduko duk heuk?”. Morroiari esker ona zor ote dio, agindua bete duelako? Zuek ere gauza bera: agindutako guztia egin eta gero, esan: “Morroi gizajoak gara; egin behar genuena besterik ez dugu egin”».
Lukas 17, 7-10.
Momenturen batean Jesusen aldeko apustua egin dugu, Jainkoak deituta sentitu gara, nola edo hala, eta erantzun nahi izan dugu. Hortik aurrera —batzuetan behintzat— berak defendatzen zituen balioak defendatzen saiatzen gara, berak iragartzen zuena iragartzeko ahaleginak egiten ditugu eta berak eraiki nahi zituen giza harremanak lantzen aritu nahi izaten dugu. Jainkoak bere proiektua gure eskuetan utzi du, gu gabe ez baitu ezer egin nahi; eta guk —neurri batean— enkargu hori jaso eta betetzeko lanean dihardugu.
Arrisku bat daukagu, ordea: lortzen ditugun gauzak gure meritua direla pentsatzea, beste batzuk baino hobeak garela sinestea. Eta gaurko ebanjelioan Jesusek besterik esaten digu: Jainkoak zoriontsuak izateko eskaintzen diguna egiten ari gara —noizean behin bederen— eta ez besterik. Non dago, bada, meritua? Eska diezaiogun Jaunari argia, zer falta zaigun ikusteko, eta indarra, bere proiektua aurrera ateratzen laguntzeko. Eta eman ditzagun eskerrak lortzen ditugun gauzengatik, lorpen horiek, gure meritua ez, Jaunak gure historian egin dituen urratsak baitira.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments