HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 13

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ezinbestekoa da munduan galbideak gertatzea, baina dohakabea inoren sinesmena galbidean jartzen duena! Hobe luke errotarria lepotik lotu eta itsasora botako balute, txiki hauetakoren bat galbidean jartzea baino. Ibili kontuz! Zure senideak bekatu egiten badu, egiozu haserre, eta, damutzen bada, barkatu. Eta egunean zazpi aldiz zure kontra bekatu egiten badu eta zazpi aldiz etortzen bazaizu “damu dut” esanez, barkatu». Apostoluek esan zioten Jaunari: «Handitu sinesmena gugan». Jaunak erantzun zien: «Sinesmena bazenute, mostaza hazia bezain txikia izanik ere, pikondo honi “atera hortik eta landatu itsasoan” esango zeniokete, eta obeditu egingo lizueke».

Lukas 17, 1-6.

Jainkoak bizia, izatea eman digu. Eta beraren antzeko egin gaitu: berak maitatzen gaituen bezala maitatzeko gai. Baina horrek, ezinbestean, gaitzerako gaitasuna ere badakar aldean. Jainkoak, aldiz, etengabe deitzen digu beregana. Non baina? Txikienetan. Txikien‑txikienak ikustean, gehien sufritzen dutenak aurkitzean, Jainkoak berak abandonatutakoak gure inguruan agertzen direnean, orduantxe ari zaigu Jainkoa deika. Eta fedea horretan datza: azkeneko horietan agertzen zaigun Jainkoagan gure konfiantza jartzean, etorkizuna eta arrakasta txiki horietan dagoela sinetsita bizitzean.

Hori guztia, ordea, zentzugabekeria dela dirudi: nola egon liteke arrakasta porrot betean? Nola hurbilduko gaituzte Jainkoagana Jainkoak berak baztertuta daudela diruditenek? Jesusek berriz halaxe sinetsi zuen. Areago, bat egin zuen Jainkoak eskutik utzitako horiekin eta haiek bezala amaitu. Eska diezaiogun “handitu sinesmena gugan”, “gure konfiantza Jainkoagan bakarrik ipin dezagula, berak deitzen digun horien bidez, ipini ere”. Orduan, agian, gai izango gara gainerakoek egiten dizkiguten gaitzak behin eta berriro barkatzeko eta are gauza ezinezkoagoak ere egiteko.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude