HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 4

Aldi hartan, larunbat batean, fariseu-buruetako baten etxera joan zen Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan zegozkion. Ohartu zen Jesus gonbidatuek aurreneko jarlekuak hartzen zituztela eta ohar hauek egin zizkien: «Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, baliteke-eta zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izatea; hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”. Orduan, azkeneko lekuan eseri beharko zenuke lotsaturik. Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: “Adiskide, igo gorago!” Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena goratu».

Lukas 14, 1. 7-11.

Fariseuek eztei bazkarirako lekurik aipagarrienen bidez ospea bilatzen zuten testuinguru honetan, Jesusek beste kontzeptu bat aipatzen die: apaltasuna.

Ez da garai hartako gaitza bakarrik, harrokeria eta errekonozimendu nahia oso presente daude oraindik gure gizartean.

Nire buruari galde diezaioket nola kokatzen naizen lanean, familian, lan taldeetan…

Jesusek adierazten diguna zera da, kontua ez dela apaltasun zimur, makur eta faltsu bat, baizik eta geure mugak eta ahuleziak ezagutzea eta geure burua garen bezala onartzea.

Jauna, zuk sakonean ezagutzen nauzu, nire argi eta itzalekin. Lagundu prestutasunez eta gertutasunez bizitzen besteekiko harremanetan.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude