HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 2

Eguerdian lurralde hura guztia ilunpean gelditu zen, arratsalde erdia arte. Eta arratsalde erdian Jesusek oihu handiz esan zuen: «Eloi, Eloi, lema sabaktani» –hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu eskutik?»–. Han zeuden batzuek, hau entzutean, zioten: «Eliasi deika ari da». Eta batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera-muturrean jarrita, edateko eman zion, esanez: «Utziozue; ikus dezagun, ea etortzen zaion Elias, gurutzetik jaistera». Eta Jesusek, deiadar handi bat eginez, azken arnasa eman zuen. Jauretxeko oihala erdibi egin zen goitik beheraino. Haren aurrez aurre zegoen gudariehuntariak, berriz, era horretan hil zela ikustean, esan zuen: «Gizon hau, benetan, Jainkoaren Semea zen». Bazeuden han, urrutitik begira, emakume batzuk ere; haien artean, Maria Magdalena, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome –Jesus Galilean ibili zenean, laguntzaile eta zerbitzari izaten zituenak– eta beste emakume asko, Jesusekin batean Jerusalemera igo zirenak. Ilunabarrean, Prestaera Eguna, larunbat-bezpera, zelako, etorri zen Arimateako Jose –Batzarreko gizon argia, Jainkoaren erreinua itxaro zuena bera ere–, eta ausardiaz Pilatogana joan zen, Jesusen gorpua eskatzera. Harritu zen Pilato, ordurako hila zelako, eta, ehuntariari dei eginez, aspaldi hil al zen galdetu zion. Ehuntariaren erantzuna jakin zuenean, utzi zion gorpua Joseri. Honek, izara bat erosi eta, gurutzetik jaitsirik, izaran bildu zuen; harkaitz bizian zulatutako hilobi batean ipini eta, hilobiko sarreran, harri biribil bat ezarri. Maria Magdalena eta Joseren Maria begira zeuden non jartzen zuten.

Markos 15, 33-39; 16, 1-6.

Jesusek jasan zuen heriotza bortitz eta ustekabekoaren lekuko izan ziren hainbat jarraitzaile. Testigu hauek, denbora bat pasa ondoren eta esperientzia hau berrirakurtzean, heriotzak eta sufrimenduak ez dutela azkeneko hitza biziki sentitu zuten, Berpiztuaren laguntzarekin.

Honela ulertu zuten, heriotzaren erdigunean, prozesu luze baten ondoren, bizi-hazia misteriotsuki ernatu ondoren, Bizitzak bide berri bat ireki zuela. Jesusen Pazkoa iritsi zenaren esperientzia izan zuten.

Gaur, hildakoen eguna oroitzen da elizan, hau da, hainbat eta hainbat pertsonaren bizitzak eskertzeko eguna da. Jesus Berpiztuak erakusten digu maite ditugun pertsonak ez direla sekula hilko. Beraiek utzi dizkiguten bizi fruitu guztiak jasotzen jarrai dezagun, horrela gure inguruan eta gugan ezer galdu ez dadin Jesusek guztiontzako amestutako nahian.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude