HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 23

Aldi hartan, herri guztietatik jendetza handia bildu zitzaion batean, Jesusek parabola hau esan zien: «Behin batean, atera zen ereilea hacia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta zapaldu egin zuten eta txoriek jan. Beste zenbait ale harri artean erori zen eta, erne orduko, ihartu egin zen, hezetasunik ez zuelako. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, harekin batera ernerik, ito egin zuten hazia. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta erne eta bateko ehun eman zuten fruitua». Hau esanik, honela egin zuen oihu: «Entzuteko belarririk duenak entzun beza». Orduan, parabola honek zer esan nahi zuen galdetu zioten ikasleek Jesusi. Honek erantzun zien: «Zuei eman zaizue Jainkoaren erreinuaren misterioak ezagutzea; besteei, ordea, parabola bidez hitz egiten diet. Horrela, begiratzen dute, baina ikusten ez; entzuten dute, baina ulertzen ez. Hona, bada, parabolaren esanahia: Hazia Jainkoaren hitza da. Bide bazterreko hazia bezalakoak hauek dira: hitza entzuten dutenak, baina deabrua etortzen zaie eta kendu egiten die hitza beren bihotzetik, sinetsi eta salba ez daitezen. Harri arteko hazia bezalakoak hauek dira: hitza entzutean pozik hartzen dutenak; baina, sustrairik gabeak izanik, denboraldi batean sinesten dute, baina tentaldi-garaian atzera egiten dute. Sasi artean eroritako hazia bezalakoak beste hauek dira: hitza entzuten dutenak, baina bizitzako arduren, diruaren eta atseginen artean itota gelditzen dira eta ez dira iristen fruitua ematera. Lur oneko hazia bezalakoak, berriz, hauek dira: hitza bihotz onez eta zabalez entzunik, barruan gorde eta iraupenez fruitua ematen dutenak».

Lukas 8, 4-15.

Jesusi jarraitu nahi diogun guztiok lur ona izan nahi dugu eta fruitu asko eman. Askotan ez dugu lortzen eta alferrik galtzen dugu Jainkoak eskuzabaltasunez eman digun hazi-hitza. Parabola honetan laborantzaz hitz egiten zaigu eta, hain zuzen ere, landako lurra zein gure gogoaren errealitatea landu daitezke. Gure arima lantzen ikasi behar dugu, unea iristen denean, Jainkoaren Hitza eta Borondatea hartzeko eta txertatzeko gai den lurralde ona izan dadin. Eta nola landu gure bihotzaren laborantza iraunkorra? Horretarako hiru pista emango ditugu:

1.- Bizitzari eta Bizi denari lekua uzten dion ixilezko kontenplazioa.

2.- Diszernimendu serioa, sakona, zintzoa eta egiazkoa.

3.- Erruki eta zerbitzuzko obrak egitea.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude