HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 21

Aldi hartan, Jesusek, bidez zihoala, Mateo zeritzan gizon bat ikusi zuen zergak biltzeko mahaian eseririk, eta esan zion: «Jarraitu niri». Mateok zutitu eta jarraitu zion. Geroago, Jesus mahaian zegoen Mateoren etxean; beste zergalari eta bekatari asko ere etorri eta mahaian eseri ziren Jesusekin eta honen ikasleekin. Fariseuek, hori ikustean, esan zieten ikasleei: «Nolatan jaten du zuen Maisuak zergalariekin eta bekatariekin?». Hori aditzean, Jesusek esan zien: «Ez dute osasundunek sendagile beharra, gaixoek baizik. Hobe zenukete Jainkoak esandako honetaz jabetuko bazinete: “Nahiago dut errukia sakrifizioak baino”. Ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik».

Mateo 9, 9-13.

Jesusen kezkaren muinean arrazoi desberdinengatik sufritzen duten pertsonak aurkitzen dira: marjinazioa eta bazterketa, gaixotasuna, errua eta abar. Pairatzen duten pertsonak dira Jaungoikoaren gogokoenak atzo, gaur eta beti. Bihozgabeak, bihotza harrizkoa dutenak, erosotasunean eta segurtasunean lasai bizi direnak ere maite ditu Jainkoak, eta haien bihurtzea bilatzen du, baina Jainkoaren lehentasuna pertsona minberak dira. Jesusek Mateori deitzen dio honek jarrai dezaion eta bere egin dezan gaixoak eta bekatariak sendatzeko eta askatzeko Jainkoaren proiektua. Ba al da hori baino abentura zirraragarriagorik? Ba al dago hori baino eginkizun ederragorik? Jesusek berarekin Erreinua eraikitzera deitzen gaituenean, bizia ematen ari zaigu.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude