HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 11
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia nigatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du. Zertako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badu? Eta zer eman dezake gizakiak berriro bizia eskuratzeko? Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekin, eta orduan bakoitzari bere jokabidearen arabera ordainduko dio. Egia diotsuet: hemen direnetako batzuk ez dira hilko, Gizonaren Semea errege bezala etortzen ikusi arte».
Mateo 16, 24-28.
Ohiko kanonen arabera, gizakiaren helburu nagusia zoriontasuna lortzea da eta EINek (Estatistikako Institutu Nazionalak) ematen dizkigun datuak kontuan hartuz gero, estatuko zoriontsuenak diru-sarrera gehien dituzten gazteak omen dira. Emaitza kezkagarria beharko luke izan, baina tamalez, egungo gizartean nagusitzen diren baloreak kontutan hartuz, ez da hain harrigarria gertatzen. Izan ere, zoriona zer den galdetuko bagenu, arazorik eta kezkarik gabeko bizitza eramaten duen gizona dela jasoko genuke.
Badakigu, ordea, bizitza berez ez dela horrelakoa, batzuetan barre egiten dugu, beste batzuetan negar, zorionerako garaiak ditugulako eta baita sufrimendukoak ere. Bere jarraitzaileak prestatzeko Jesusek, gurutzearen sinboloaz baliatuz, garbi agertu zuen gizonaren bizitzan gertatzen diren oinazeak eta atsekabeak. Berak bereak hartu zituen bezala, norberarenak bere gain hartzera gonbidatzen zuelarik.
Eta, zein da gure jarrera? Prest gaude gure gurutzea hartzeko eta aurrera egiteko? Agian, gure gurutzea zein den oraindik ez dakigu? Aitor dezagun zein den dagokiguna eta Jesusen laguntza beti ondoan izango dugu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Eskerrik asko Rosa Miren zure egun hauetako bizitzagandik han hurbil dagozan iruzkinengatik.