HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 9
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin, beren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da. Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak. Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senargaiak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen. Gauerdian oihu bat entzun zen: “Badator senargaia; irten zakizkiote bidera!” Jaiki ziren neskatxa guztiak, eta beren kriseiluak prestatu zituzten. Orduan, zentzugabeek esan zieten zentzudunei: “Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe duzue, badaezpada, dendara joan eta erosi”. Baina, erostera joanak zirelarik, senargaia iritsi zen, eta prest zirenak ezteietara sartu ziren harekin. Eta atea itxi zuten. Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, Jauna, ireki!” Baina hark erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”. Egon, beraz, erne, ez baitakizue, ez eguna, ez ordua».
Mateo 25, 1-13.
Kultura guztiko herrietan olioa izan da funtsezko elementua eta oso preziatua ere. Besteak beste, gastronomian, kosmetikan, erregai bezala. Egun, bere propietate eta erabilera guztiek gaurkotasun osoa dute eta duen balioa gorantz doala esan daiteke.
Gaurko ebanjelioaren pasartean, olioak hartzen du funtsezko papera, neskatxek egin behar duten gaueko beilan kriseiluak piztuak eduki behar dituztelako. Alabaina, alegia honetan olioak balio bikoitza hartzen du. Oinarrizkoa bat, neskatxek pasatu behar duten gaua argitzeko adina behar duten olioa, eta zentzu horretan erregaiaren balio hutsa luke. Eta bigarrena, esanahi garrantzitsuagoarekin eta sinbolismo bibliko eta erlijiosoarekin lotzen dena: garbitzen eta santutzen gaituen Jainkoaren Espirituaren sinboloa dena; norberaren ekintzen bidez lortu behar dena eta besteek eman ezin dutena.
Alegian, Jesusen mezua eta adierazi nahi diguna garbi agertzen dira: beti adi eta prest egon behar garela, deitzen gaituenerako gure kriseilua ongi hornitua edukiz. Nola dago gurea? Luzatzen eta gerorako uzten ibili gabe, erreserbak egiten hasteko ordua da eta hau ez litzateke unerik txarrena izango.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments