HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 8

Jendea ase ondoren, ontzian sarrarazi zituen Jesusek bere ikasleak eta bere aurretik bestaldera joateko agindu zien, berak jendeari agur egin bitartean. Jendea bidali eta gero, mendira igo zen Jesus bera bakarrik, otoitz egitera. Ilundu zuenean, han zegoen bakarrik. Txalupa, ordurako, lehorretik urruti zihoan, olatuek astindua, Haizea kontra baitzuen. Goizaldera, Jesus haiengana joan zen, ur gainean oinez. Ikasleak, ur gainean ibiltzen ikusi zutenean, ikaratu egin ziren, mamuren bat zelakoan, eta beldurraren beldurrez deiadarka hasi ziren. Baina Jesus berehala mintzatu zitzaien: «Izan bihotz! Ni naiz; ez beldur izan!». Orduan Pedrok esan zion: «Jauna, benetan Zu bazara, agindu iezadazu ur gainean zuregana joateko». Jesusek erantzun: «Zatoz!». Pedro ontzitik jaitsi eta Jesusengana abiatu zen, ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra nabaritzean, beldurra sartu zitzaion eta, urperatzen hasi zelarik, deiadar egin zuen: «Jauna, salba nazazu!». Berehala Jesusek eskua eman eta heldu zion, esanez: «Sinesmen txikiko hori! Zergatik izan duzu zalantza?». Ontzira igo zirenean, Haizea gelditu egin zen. Eta ontzian zeudenak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziren, esanez: «Egiaz Jainkoaren Semea zara Zu!». Itsasoa igaro ondoren, Genesareten iritsi ziren lehorrera. Bertakoek, Jesus ezagutu zutenean, inguruko lurralde guztian zabaldu zuten berria, eta gaixo guztiak eraman zizkioten. Soineko-ertza bederen ukitzen uzteko eskatzen zioten, eta ukitzen zuten guztiak sendaturik gelditzen ziren.

Mateo 14, 22-36.

Gaur egun, gizakiak lortu dituen lorpenei esker, orain arte inoiz izan ez ditugun ongizate eta segurtasuna erdietsi ditugula pentsatzen dugu. Uste horiek errealitatetik zein urruti gelditzen diren! Egunero gehitzen doazen depresio, gaiso neuronal eta suizidoen zenbakiak jasanezinak izaten ari dira.

Jesusek bere ikasleak ongi ezagutzen zituen eta bazekien bere laguntza ezinbestekoa zutela aurrera egiteko eta urruti egon arren, zailtasunen eta ezbeharren aurrean, beti adi laguntzeko prest ageri zen. Oraingoan ere, itsasoaren egoera zela izu-ikarak jota zeudenean, hara non entzuten duten maisuaren hitz amultsuak: «Izan bihotz! Ni naiz; ez beldur izan!». Hala ere, ez zen Pedroren erantzuna erabatekoa izan, Jesusengan ipinia zuen fedean huts egin baitzuen

Eta gu, zenbateraino jabetzen gara gure fedeaz? Egunez egun, eskaintzen zaigun laguntzan konfiatzen gara ala larrialdietan baino ez gara oroitzen? Gaurkoan, Jaunarengan dugun konfiantzan eta, mintzatzen zaigunean ematen diogun erantzunari buruz, hausnar dezakegu.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude