Ez zait axola
zertan egiten duzun lan.
Jakin nahi dudana hauxe da:
zer da atsekabetzen zaituena?
Zure nahiak betetzen direla amestera ausartzen zara?
Ez zait axola
zenbat urte dituzun.
Jakin nahi dut
prest zauden
ergeltzat hartua izateko
maitasunagatik,
ametsengatik,
edo bizirik egotearen abenturagatik.
Ez zait axola
zein planetek inguratzen duten
zure ilargia…
Esaidazu
zure oinazerik sakonena
ukitu duzun.
Esaidazu
eguneroko gorabeherek
bizitzera eraman zaituzten,
edo ate guztiak itxi dituzun
oinaze gehiagoren beldur.
Esaidazu
minarekin aurrez egon zaitezkeen,
nirearekin edo zurearekin,
saiakerarik egin gabe
ezkutatzeko,
leuntzeko
edo sendatzeko.
Esaidazu
pozik egon zaitezkeen
nire zorionagatik ala zureagatik.
Ero moduan dantza egin dezakezun
eta lilurak itsutua bizi,
hatz eta behatzen ertzetaraino,
esan gabe:
kontuz ibili,
errealitateari eutsi,
aintzat hartu gizakion mugak.
Ez zait axola
kontatzen didazun istorioa
egia ote den.
Jakin nahi dut
norbaiti huts egiteko prest zauden
zure buruari leial mantentzeko.
Traizioaren salaketa
jasango zenukeen
zeure arima saldu gabe.
Ezertan sinistu gabe egon zaitezkeen
eta hala ere hitzekoa izan.
Esaidazu Edertasuna ikusten duzun
nahiz eta egunero dena polita ez izan.
Eta Edertasun hori zure bizitzaren iturri
bihurtu dezakezun.
Esaidazu
porrotarekin bizitzeko gai zaren,
zurearekin edo nirearekin,
eta, hala ere, aintziraren ertzean
ilargi beteari “Bai!” esan.
Ez zait axola
non bizi zaren,
edo zenbat diru daukazun.
Esaidazu
seme-alabei jaten ematera
jaikitzeko gai zaren
gau ilun eta goibel baten ostean
neka-neka eginda zaudenean.
Ez zait axola
nor ezagutzen duzun,
edo nola iritsi zinen hemen egotera.
Esaidazu suaren erdian
nirekin egongo zaren
atzera egin gabe.
Ez zait axola
non, zer edo norekin
ikasi duzun.
Esaidazu
zerk eusten zaituen
sakon-sakonean
guztiz galdua zaudenean.
Esaidazu
zeure buruarekin
bakarrik egon zaitezkeen,
eta gustura
bihotzean hutsa sentitzen duzunean.
(Itzulpena: Aloña Braceras eta Idoia Braceras)
0 Comments