Gainerakoen hanka sartzeak (Mateo 7, 1-5)

2023 Eka 26

Jesusi jarraitzen elkarri laguntzeko bildu ohi gara,
baina batzuetan
ez ditugu gauzak nahi bezain  ondo egiten:
jainkotu egiten gara, Jauna.

Irizpide zuzena,
jakituria egokia,
beharrezko zentzua dugula uste izaten dugu,
gainerakoak baino hobetzat dugu geure burua
—askotan horrela esaten ez badugu ere—,
eta orduan lagundu gabe, epaitu egiten dugu,
errespetatu beharrean, kondenatu,
barkatu eta aldatzen saiatu ez,
baina besteen hanka sartzeak
oroimenean grabatzen ditugu.

Kanporantz erakutsi nahi dugun irudiak,
gure erosotasunak
eta aldatzeko dugun erresistentziak,
itsutu eta gortu egiten gaituzte:
ez digute gure huts egiteak ikusten uzten,
ezta bihotz-berritzeko zure deia entzuten,
dei hori sarri askotan
gainerakoen bidez egiten baitiguzu.
Horrexegatik nahasten ditugu
guk egindako bidea eta zuk proposatzen diguzuna,
gure interesak eta zure gonbita,
gure proiektuak eta zure promesak.

Gaur esan diguzunez, horrela oso oker gabiltza:
gainerakoak epaitu eta epaitu gabiltza,
elkar kondenatzen
eta besteen huts egiteak etengabe berrikusten,
zuk neurri horren ordez
errukia,
elkartasuna,
gupida…
erabiltzen dituzula ahaztuta.

Gutaz fidatzen zara,
bidean elkarri laguntzeko,
eta benetan eskertzen dizugu
guztiz merezi ez dugun konfiantza hori.
Baina bakarrik, zu gabe,
geure baldarkeriaren mendean…
zaila egiten zaigu.

Jauna, ez utzi, gure akatsak ikusi gabe,
neba‑arreben huts egiteak konpontzen saiatzen.
Gogorarazi beti nor den gure Maisua
eta lagundu hari jarraitzen
eta zure irizpidea erabilita, harekin fidatzen,
gainerakoak gidatzen ditugunean…
eta haiek gidatzen gaituztenean.

Gogoeta egiteko biltzen garenean
zu gurekin egon zaitezela,
eta gure erabakiak gida ditzazula.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude