HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 18

Aldi hartan, Jesusek esan zion Nikodemori: «Berriro jaio behar duzue. Haizeak edonondik jotzen du, eta entzuten duzu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza bera gertatzen da Espiritutik jaio denarekin». Nikodemok galdetu zion: «Nola gerta daiteke hori?». Jesusek erantzun: «Zu maisu zara Israelen eta ez dakizu hori? Egi-egiaz diotsut: Guk dakiguna esaten dugu eta ikusi duguna aitortzen; baina zuek ez duzue gure aitormena onartzen. Nik lurreko gauzak esatean sinesten ez baduzue, nola sinetsiko didazue zerukoak esatean? Ez da inor zerura igo zerutik jaitsi zena baizik, Gizonaren Semea. Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea altxatu zuen bezala, hala izan behar du altxatua Gizonaren Semeak, harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten».

Joan 3, 5a. 7b-15

“Nola gerta daiteke hori?” galdetzen dio Nikodemok Jesusi; ikusi nahi du, jakin nahi du, eta ezin. Ez dakigu Espiritua nondik datorren, ez nora doan, baina espirituaz beterik gaudenean, gure bizitza poz bereziaz betetzen da; besteentzat poz bihurtuz.

Jesusek erakusten digu bidea, bera dugu gure bide, bera dugu Gizonaren Seme.

Guk bere Hitza irakurri dezakegu, irakurri bakarrik ez, otoitzean sakondu; Ogitan ere har dezakegu, besteentzat ogi bihurtuz.

Kontua da ea berriro jaiotzeko prest gauden aztertu beharrean gaudela, eta zintzotazunez galdetu geure buruari, geure bihotzari, ez nola gerta daiteken hori, baizik eta hori gerta dadin prestatzen ari garen ala ez.

Jainkoak gonbidatu egiten du, inoiz ez behartu; gutako bakoitzari dagokio, Espiritua iristen denean erantzutea. Jaso dezagun bada gonbidapena, Espirituari gure bihotzeko ateak irekiz.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude