HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 16

Aldi hartan, Feliperen Zesarea inguruko auzoetara abiatu zen Jesus bere ikasleekin. Bidean galdera hau egin zien ikasleei: «Ni nor naizela dio jendeak?». Haiek erantzun zioten: «Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek profetaren bat». Jesusek berriro galdetu zien: «Eta zuek, nor naizela diozue?». Pedrok erantzun: «Zu Mesias zara». Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz. Orduan, irakasten hasi zitzaien Gizonaren Semeak asko sufritu behar zuela; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo zutela eta hil; eta hiru egunen buruan piztu egingo zela. Argi eta garbi mintzatzen zitzaien honetaz. Orduan, Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi zitzaion. Baina Jesusek, itzuli eta ikasleei begira, gogor eraso zion Pedrori, honela esanez: «Alde nire ondotik, Satanas! Zure asmoak ez dira Jainkoarenak, gizakiarenak baizik».

Markos 8, 27-33.

Gaurko Ebanjelioan Pedrok oso ongi adierazten du atzokoan ezagutu genuen itsutasun mota. Munduko irizpideen arabera, Mesias salbatzaileak pertsonai liluragarria, loriatsua, boteretsua izan behar du. Horrela irudikatu izan dugu gizakiok gaizkiaren aurkako garaipena. Baina Jainkoaren ikuspegitik gauzak bestalakoak dira: Mesiasek sufritu egiten du, umiliatu egiten dute, baztertu egiten dute; eta horren bidez bakarrik salbatzen du. Paradoxa bat da, benetako erokeria. Jesusen estilo hori onartzea, ahulezia, ezintasuna, itxurazko porrota onartzea kristauok askotan onartu ez dugun zerbait da. Guk ere gehiegi amesten dugu Loria. Gure bizitzaren historiak, Elizaren historiak, maiz erakusten duten ezaugarria da. Gutxi balitz, okerragoa ere izan daiteke, gure itsutasunean gauzak gure eremura eramaten saia gaitezkeelako eta Jainkoaren ekintza zuzendu nahi dugulako, Pedro egiten saiatu zen bezala. Gaurko Ebanjelioak ohartarazten digu hori nahi izatea Satanasen, hau da, Jainkoaren etsaiaren engainuetan erortzea dela.

Kristoren aurrean, etsaiaren engainuak ikusteko eskatzea; eta, aitzitik, Jainkoaren estiloa eta borondatea ezagutzea, haiekin identifikatzeko.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude