HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 3

Aldi hartan, jakin zuen Herodes erregeak Jesusen berri, honen izena oso ezaguna baitzen. Batzuek zioten: «Joan Bataiatzailea piztu da hildakoen artetik; horregatik du mirariak egiteko ahalmen hori». Beste batzuek, berriz: «Elias da». Eta beste zenbaitek: «Profeta da, antzinako profetak bezalakoa». Iritzi hauek entzutean, Herodesek zioen: «Nik lepoa moztu nion Joan huraxe piztu da». Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotua zuen, Herodias zela eta. Herodesen anaia Feliperen emaztea zen Herodias, baina Herodesek bere emaztetzat hartua zuen, eta Joanek esaten zion: «Ez zaizu zilegi zeure anaiaren emaztea edukitzea». Horregatik, gorroto zuen Herodiasek Joan eta hil egin nahi zuen, baina ezin, Herodesek begirune baitzion Joani; gizon zuzen eta santutzat zeukan, eta babestu egiten zuen. Joanen hitzek kezkarik sortzen bazioten ere, gogoz entzuten zion. Etorri zitzaion, ordea, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetzean, afaria eman zien agintari, gudalburu eta Galileako handikiei. Sartu zen jantokian Herodiasen alaba eta dantzan egin zuen, eta atsegin izan zitzaien Herodesi eta mahaikideei. Orduan, erregeak esan zion neskatxari: «Eskatu nahi duzuna, eta emango dizut». Eta zin eginez agindu zion: «Eskatu ahala guztia emango dizut, nire erreinuaren erdia bada ere». Atera zen neskatxa eta bere amari galdetu zion: «Zer eskatuko diot?». Amak erantzun: «Joan Bataiatzailearen burua». Itzuli zen arin-arin erregeagana eta eskaria egin zion: «Emadazu oraintxe berean Joan Bataiatzailearen burua azpilean». Goibel jarri zen erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinagatik, ez zion ukatu nahi izan. Berehala, bere guardiako bat bidali zuen, Joanen burua ekartzeko aginduz. Joan zen hura kartzelara eta lepoa moztu zion, eta azpilean ekarri zuen burua; neskatxari eman zion, eta neskatxak amari. Joanen ikasleak, hori jakitean, haren gorpua jasotzera etorri eta hilobian ehortzi zuten.

Markos 6, 14-29.

Zein argi geratzen den hemen arrainak bagina bezala, zenbaitetan guk jarritako sareetan kateaturik geratzen garela… Herodesek Joani begirunea zion arren, lepoa moztu eta bere burua azpilean aurkeztu zion neskatxa bati pasarte honetan.

Ez da erraza koherentzia izatea beti eta batez ere, gure nahi eta desioek gu eraman gaitzaten uzten badugu. Gure atxikimenduek lotu egiten gaituzte eta benetazko barne-askatasuna lortzeko, umiltasunak lagun gaitzake: ez desiatzea handikeriarik, ez aberastasunik, ez bilatzea txalotua izatea…

Nolakoa izango zen Jesusen barne-askatasuna ordura arte izan ziren molde guztiak hautsi ere egiten zituela! Horregatik bere ingurukoek ez zuten asmatzen berari etiketa bat jartzen: “Joan Bataiatzailea berpiztuta”, “Elias”, “aintzinako profeta” bat… Zer ote zen Jesusen izaera eta bere mezua ingurukoentzat? Zer indar izango zuen Jesusek hainbeste erakarpen eta gorroto pizten zituela?

Jesus bere barruarekin eta Zeruko Aitarekin konektatua bizi zen, erabateko koherentzian, benetakotasunean, egiazkotasunean.

Eska dezaiogun bada  Jainkoari, guk ere, indiferentzia, barne-askatasuna eta zinezkotasuna izan ditzagun, gure atxikimenduetatik askatzen lagun gaitzan eta gure barne-koherentzian hazten, gure sakonean garena izateko.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude