HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 1
Aldi hartan, Jesus bere herrira joan zen, ikasleak ondoren zituela. Hurrengo larunbatean, sinagogan irakasten hasi zen. Entzule askok, harriturik, zioen: «Nondik du honek hori guztia? Zer da eman zaion jakinduria hori? Eta honen eskuz gertatzen diren mirari horiek? Hau ez al da, ba, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak ere ez al dira hemen gure artean bizi?». Eta ezin zuten sinetsi harengan. Jesusek esan zien: «Profetari edonon ematen diote ohore, bere herrian, senitartean eta etxean izan ezik». Eta ezin izan zuen han miraririk egin; hala ere, gaixo bakar batzuk sendatu zituen, eskuak gainean ezarriz. Eta harriturik zegoen haien sinesgogorkeriaz. Gero, inguruko auzoetan ibili zen, irakasten.
Markos 6, 1-6.
Zergatik hain erraza egiten zaigu urruti daudenen bertuteak gorestea? Zergatik da hain sinplea ezezagunen ekintzak txalotzea?
Eta zergatik da, ordea, hain zaila Jaunak gure ingurukoengan egunero nola lan egiten duen aitortzea?
Gure zeruko Aita-Ama guregana nola hurbiltzen den ezagutzea kosta egiten zaigu. Errazagoa da gauza harrigarrietan bilatzea, gure arrazonamendurako sinesgaitzak izan daitezkeen gauzekin mirestuta sentitzea eta bertan ikustea Jaunaren presentzia.
Jauna, lagun gaitzazu gure inguruko pertsonei jarrita dizkiogun etiketak kentzen, lagun gaitzazu egunerokotasunean zure maitasunezko begirada aurkitzen eta jasotzen guregandik gertu daudenengan, zure laztanak sentitzen eskua ematen digunean gure ondokoak.
Hortxe dago koxka: hain sinplea, hain gertua, hain naturala agertzen zara gure artean, ezinezkoa egiten zaigula Zu aurkitzea urrutira begira bagaude, ekintza harrigarrien zain bagaude.
Emaiguzu jakinduria Zu sentitzeko xumetasunean eta egunero jasotzen dugun hainbeste gauza onetan. Ireki gure begiak eta bihotza.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments