Ea ba, altxa zaitez! (Mk 5, 21-24; 35-43)

2023 Urt 30

Batzuetan jakin min hutsez hurbiltzen gara zuregana
(hainbat gauza entzun dugu-eta, zutaz!)
eta beste batzuetan badaezpada ere,
hurbil bagaude, gauza onen bat jazoko zaigulakoan.
Baina beste batzuetan Jairo bezala hurbiltzen gara,
larri-larri eginda,
benetan bizi behar badugu,
zuk bakarrik salba gaitzakezula pentsatzen dugularik.

Eta zu hortxe zaude beti,
guri entzun eta gurekin hitz egiteko,
gurekin etxera etortzeko.
Batzuek, hurbil-hurbilekoak ditugun batzuek ere bai,
ideia burutik kentzen saiatzen dira:
jadanik umeak ez garela diote,
ametsetik esnatu
eta gure bakartasunean bizitzen ikasi behar dugula;
zu hilda zaudela ere esaten digute,
ez segitzeko gezur txikiak asmatzen  eta jendea gogaitzen.

Baina zuk, orduan, berriro dioskuzu:
“Ez izan beldur. Zuk sinetsi”.
Eta adiskide batzuekin etxera zatoz
eta tinko esaten diguzu hori ez dela heriotza,
ez zurea eta ez gurea ere,
loaldia baino ez dela, eta esnatzeko garaia  iritsi dela.
Eta guk, berriz ere, sinetsi egiten dugu,
badaezpada, agian,
larri-larri eginda, jakina,
gure ametsa salatzen
eta zure heriotza iragartzen zigutenek
ezin sinetsirik irribarre egiten dutelarik.

Eta orduan zure hitzaren miraria gertatzen da:
Eskutik heldu eta “Talitha kum” esaten diguzu;
“Zeuri diotsut: altxa zaitez”.

Eta “Talitha kum” horrek gure belarrietan
esnatzeko eskatzen digun ahots atseginaren soinua du:
“Ea ba, altxa zaitez, laztana, ordua da-eta”,
eta gure bihotzetan, berriz,
justiziaren aldeko borrokara deitzen digun
oihu adoretsua bezala entzuten da:
“Zutik!”, “Altxa zaitez!”

Batzuetan altxatu egiten gara, Jauna,
eta beste batzuetan ez guztiz.
Izan ere, badirudi guri ere
arameraz hitz egiten diguzula!

Eskerrak, bizira bueltan ekartzen gaituen zure Hitzagatik,
esaguzu berriro ere “Talitha kum” egunero.
Eta eskerrak, halaber,
zure hitza itzultzen diguten
eta ulertzen,
eta gure gain hartzen
laguntzen digutenengatik.

Egon zaitez hemen erdian beti,
zure hitzak interpretatzeko biltzen garenean.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    A ze laguntza otoitz eder honena. Eskerrik asko!

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude