HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 7

Egun haietan, Joan Bataiatzailea kartzelan sartu zutela jakin zuenean, Jesus Galileara baztertu zen. Baina, Nazaret utzirik, itsasbazterrean dagoen Kafarnaumen jarri zen bizitzen, Zabulonen eta Neftaliren lurraldean. Horrela bete zen Isaias profetak esana: «Zabulonen lurraldea eta Neftaliren lurraldea, itsasbidea, Jordanez beste aldean, jentilen Galilea. Ilunpean bizi zen herriak argi handia ikusi zuen; herio-itzalean bizi zirenei distira egin zien argiak». Ordutik hasi zen Jesus hots egiten: «Bihotz-berri zaitezte, hurbil da-eta Zeruetako Erreinua». Galilea osoan barna ibili zen Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuari buruzko Berri Ona hots egiten eta herrian gaitz eta eritasun guztiak sendatzen. Siria guztian zabaldu zen haren izena. Edozein gaitz eta oinazek jotakoak eramaten zizkioten: deabrudun, epileptiko nahiz elbarri, eta hark sendatu egiten zituen. Eta Galilea, Dekapolis, Jerusalem, Judea eta Jordanez beste aldetik etorritako jendetza handiak jarraitzen zion.

Mateo 4, 12-17. 23-25.

Atzo ‘Nor den hau?’ galdetzen genuen, eta Jesus munduko argi bezala agertzen zitzaigun. Gaur, argi izate hori zer den argitzen zaigu. “Bihotz berri zaitezte” hots eginez herririk herri gaitzak sendatuz doa, etenik gabe. Siria, Galilea, Dekapolis, Jerusalem, Judea, Jordanez beste aldea… guztiak aztoratuta bere berri entzutean, alde guztietatik berari jarraituz…

Jende hark ere galdera bera izango zuen bere baitan: Nor da hau? Eta beste inork eskaini ez zezakeen zerbait zuela konturatuko ziren. Baina, aldi berean, bakoitzak bere pelikula eginez (gogoratu Jesusek ikasleei “nor naizela dio jendeak?” galdetu zienekoa).

Jesusek dituen guztiak emanez, Jainkoaren Erreinua gauzatzeko, errealitate bihurtzeko. Eta jendea, liluratua bai, baina bere interesetatik atera ezinik, bere ikuspegi kaskarren gartzelatik askatu ezinik.

Saia gaitezen, urtean zehar, egunez egun, Jesusi jarraitzen, liluratuz, geure gaitzetatik sendatzeko eskatuz, Jainkoaren Erreinua eraikitzeko eskatuz eta lagunduz, baina batez ere Berari gure Jaun izaten utziz.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude