HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 5

Aldi hartan, Jesus irakasten ari zen. Han zeuden eserita Galileako eta Judeako auzo guztietatik eta Jerusalemetik etorritako fariseu eta lege-maisu batzuk. Eta Jaunaren indarrak gaixoak sendatzera eragiten zion. Hartan, etorri ziren gizon batzuk elbarri bat ohatilan zekartela eta barrura sartu nahi zuten, Jesusen aurrean ipintzeko. Baina jendetzagatik nondik sartu ez baitzuten aurkitzen, etxe gainera igo eta, teilak kendurik, ohatila eta guzti eraitsi zuten erdira, Jesusen aurrera. Haien sinesmena ikusirik, Jesusek hau esan zuen: «Gizona, barkatuak dituzu bekatuak!» Lege-maisu eta fariseuek zioten beren baitan: «Nor dugu biraoka ari den hau? Nork barka ditzake bekatuak, Jainkoak baizik?» Baina Jesusek, haien burutapenei antzemanik, honela esan zien: «Zer burutapen darabiltzazue zeuen baitan? Zer da errazago esaten: “Barkatuak dituzu bekatuak” ala “Jaiki eta zabiltza?” Hara, bada, orain ikusiko duzue Gizonaren Semeak baduela lurrean bekatuak barkatzeko ahalmena. Eta hauxe esan zion elbarriari: “Zuri diotsut: Jaiki zaitez, hartu ohatila eta zoaz etxera”.» Jaiki zen hura berehala denen aurrean, hartu zuen etzanik zegoen ohatila eta etxera joan zen, Jainkoa goretsiz. Guztiak harriturik gelditu ziren eta Jainkoa goresten zuten. Eta, beldurrez beterik, honela zioten: «Harritzekoak ikusi ditugu gaur».

Lukas 5, 17-26.

“Jaunaren indarrak gaixoak sendatzera eragiten zion”, hau da, ez da guk bakarrik sor dezakegun indarra, Jainkoak emana da. Jaunaren indarrak mugiarazten du Jesus, sendatzera bultzatzen du, barkatzera bultzatzen du.

Horretan gaixo bat inguratzen zaio, berarekin egoteko edozer egiteko prest dagoena. Baina bidea ez da erraza, ohatilan dago, jendetzak ez dio pasatzen uzten eta etxe gainetik sartu beharrean aurkitzen da; zorionez baditu lagunak, Jesusengana hurbilduko dutenak, elkartea osatuz.

Eta honetan, nire bizitzari begiratzen diot: nolakoak dira nire bizitza mugitzen duten indarrak? Nolakoak, berriz, zailtasunak? Nor da nire bidelagun? Burura datorkit barkatzea sendatzea dela, lagun hurkoa askatzea dela… eta nik egiten al dut horrelakorik?

Agian ohatilaren gainean doana neu naiz; beharbada ohatilan beste bat dago, eta bidelagun bihurtu naiz elkartea osatuz… zenbat aldiz egon naizen jendetzarekin, Jesusengana hurbildu nahi duenari oztopo eginez…

Jauna, emadazu argia, zure bideak jarraitzeko, apaltasunez nire gaixotasunak ezagutzeko, gaixorik dagoenaren bidelagun izateko eta zuregana bideratzen direnen oztopo ez, beraiekin elkartea osatzeko baizik.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    “Zaintzaren” garrantziari begirada sakona. Bidelagun gara: oztopo edo lagungarri. Batak besteon ardura dugu. Jauna, emadazu argia bai.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude