HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 29

Aldi hartan, Jesusek, Espiritu Santuaren pozez beterik, esan zuen: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jende xumeari agertu baitizkiozu. Bai, Aita, hala izan duzu gogoko. Nire Aitak dena eman dit, eta ez du inork ezagutzen Semea nor den, Aitak baizik; ezta Aita nor den ere, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak baizik». Eta ikasleengana itzulirik, esan zien haiei bakarrik: «Zorionekoak, zuek ikusten duzuena ikusten duten begiak. Hara zer diotsuedan: profeta eta errege askok ikusi nahi izan zuen zuek ikusten duzuena, baina ez zuen ikusi, eta entzun zuek entzuten duzuena, baina ez zuen entzun».

Lukas 10, 21-24.

“Gure berdina guztian pekatuan izan ezik” irakatsi egin digute Nazareteko Jesuren inguruan; Jainko gertua, gerturatua, gure giza esperientzien antzekoa bizi egun zituena, ezin bestela izan. Zorionekoak gu! Areago, Jainkoa zer/nolakoa den? Ezineurtuzkotasuna ahaztu gabe, badugu bidea Jainkoa, gorena, sakratua zer nolakoa den jakiteko, antzemateko, Nazareteko Jesu: “ezta Aita nor den ere, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak baizik”. Semeak agertu digu, bere hitz eta ekintzen bidez, eta eskuragarri dugu.

Bere jainkozko gizatasunean barna, hona ekarri nahi dut aipatzea ohikoa ez den Nazareteko Jesuren bizipena, gaurkoan irakur dezakeguna: “Jesusek, Espiritu Santuaren pozez beterik”. Espiritu Santuaren pozez beterik! Irakurtze hutsak poza ematen du; pozik ikasleei “deabruak ere menpean jartzen” zaizkielako, deabruak, espiritu gaiztoak, “gaitza” eragiten dutenak alegia. Eta gaurkoan ere poz-pozik, Abbak “gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jende xumeari agertu” baitizkielako. Gaurko testuaren jarraian, Lukasek xumeki ematen digu gizatasunaren etra jainkozkotasunaren gakoa: samariar onaren parabola (Lk, 10, 25-37). Frantzisko Aita santuak askotan azpimarratzen duen lez, zer mezu hori baino xumeago eta bidez ulergarriago eta beharrezkoagorik? Ez da ulertzeko  “jakintsu” eta “burutsu” izan beharrik, hor dugu Jainkoaren irudia, beti gizakoiegia, baina bide batez gardena, Jesuk berak ematen digun argiz agertua: “dejomai”, hurkoa abegikor hartu, gure “taldetxokoa” izan ez arren;  ez da gutxi, halaxe naiz sentitzen Jainkoak hartua. Sinple bezain zaila, izan ere, zer ezagun!:

  • “bidetik okertu eta aurrera jo zuen”: ezikusiaren bestela, beharra erne ikusi, antzeman.
  • “hura ikustean, errukitu egin zitzaion”: ikusitakoan, hurbildu eta enpatizatu, errukitu.
  • “Zain ezazu (…) ordainduko dizut” : zaindu, zentzu zabalean ulerturik.

Horra poza ematen duen Espiritu Santua, Jainkoaren irudia, Jesuk bikain xumeei agertua!

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude