HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 20

Aldi hartan, agintariak burlaka ari zitzaizkion Jesusi, honela esanez: «Besteak salbatu dizkik; salba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias, Aukeratua, baldin bada». Gudariek ere iseka egiten zioten; hurbildurik, ozpina eskaintzen zioten, hau esanez: «Juduen erregea baldin bahaiz, salba ezak heure burua!» Gainean idazkun hau zuen: «HAU JUDUEN ERREGEA DA».

Gurutzetik zintzilik zeuden gaizkileetako bat Jesusi irainka ari zitzaion: «Hi ez al haiz, ba, Mesias? Salba ezak heure burua eta salba gaitzak gu ere!» Baina besteak haserre egin zion, zera esanez: «Ez al diok beldurrik Jainkoari, zigorra jasaten hagoela ere? Gurea legezkoa duk, geure eginengatik merezia baitugu; baina honek ez dik inolako okerrik egin». Gero, hau esan zuen: «Jesus, oroit zaitez nitaz, zeure erreinura iristean». Jesusek erantzun zion:«Benetan diotsut: gaur nirekin izango zara paradisuan».

Lukas 23, 35-43.

Hona hemen giza seme baten otoitz oroigarria: JESUS, OROI ZAITEZ NITAZ… Jainkozaletasun aparta ageri du, eskakizunak agertu gabe, barreneko abiadarik gabe, bihozberatasun hutsean. Fededun oparoa, bere nagusiari agertzen dio barruko gurari bakarra, ez ahaztuta ustea, ez bakarrik ustea, gizakia ez bertan behera galtzea …

Baina bai jainkotasun errukiorra Jesusen erantzuna: gaur nirekin izango zara… Jesusen bizi ibilbidea ikusten dugu nondik norakoa izan zen bere herrikoen harremanetan: gertu egon txikien artean, baten baten beharrizanari erne bihotza eta belarria, gizarte edo erlijio giroko hartu-emanetan trabatuta zegoenari babesa emanda… Behin eta berriro Jainko aita-amak gogokoen dituenak, maitasunean plazaratzen ditu.

Gogora ekarten ditugu Frantzisko aita santuaren ekinak eta esanak: “alboratuak, eskalan dira giza historiaren pertsonaia nagusiak; tirabiraz eta konfiantza eta zihurtasun sendorik gabe bizi garen mundu honetan, apalek eta txikienek prestatzen dute ontasunaren iraultza…”

Eredu egokia gure jainkozaletasuna ispilu honetan sendotzeko.

Ana Berrizbeitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude