HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 13

Aldi hartan, tenpluari buruz ari ziren batzuk, harri ederrez eta emaitzez apaindua zegoela aipatuz. Orduan, Jesusek esan zien: «Etorriko da, hor ikusten dituzuen horietatik guztietatik harririk harri gainean geldituko ez den garaia; dena suntsituko dute». Ikasleek galdetu zioten: «Maisu, noiz gertatuko da hori? Eta zertan antzemango diogu gertatzera doala?». Jesusek erantzun zien: «Kontuz, ez zaitzatela inork engainatu! Asko etorriko dira nire izenean, “ni naiz Mesias” edo “gainean da garaia” esanez. Ez joan horrelakoen atzetik. Gerra-eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu, lehenbizi gertatu beharrekoa baita hori guztia; baina ez dator berehala azkena». Esan zien, gainera: «Nazioa nazioaren aurka eta erreinua erreinuaren aurka altxatuko dira; lurrikara handiak izango dira, eta izurriteak eta goseteak han eta hemen. Gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta seinale handiak agertuko zeruan. Baina hori guztia gertatu aurretik, eskua erantsiko dizuete eta erasoko, sinagogetara eta kartzeletara eramango zaituztete, eta erregeen eta agintarien aurrera zuzenduko nigatik. Aitormen egiteko aukera emango dizue horrek guztiak. Hartu gogoan ez duzuela zeuen burua nola defendatuko kezkatan ibili beharrik; Nik adieraziko dizuet zer eta nola esan, eta zuen etsaietako inork ez du zuei aurre egiterik edo erantzuterik izango. Zeuen guraso eta senideek berek, ahaide eta adiskideek berek salduko zaituztete, eta zuetako zenbait hilko; guztiek gorroto izango dizuete nigatik; baina ez duzue buruko ile bat ere galduko. Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia».

Lukas 21, 5-19.

Jauna, nola bizi dezakegu horrelako itxaropena? Nondik atera dezakegu hori guztia jasateko kemena eta adorea? Badakizu, Jauna, zeinen erraz beldurrek gain hartzen diguten, eta etorkizuna ziurtatzeko zer nolako ahaleginak egiten ditugun. Ez kezkatzeko eskatzen diguzu, baina ez gara superheroiak. Ez eta sentimenduak edozein egoeratan kontrolpean mantentzeko gaitasuna duten horietakoak.

Jauna, Zuk diozu gurekin izango zaitugula une zail eta gogorretan, guztia kontra altxatzen zaigunean. Emaguzu hori sinestea, emaguzu une horiek zugan konfiantza osoa jarriz bizitzea. Ez gaitezela zure eskutik utziak senti, ez gaitezela Zutaz gaizki pentsatzen hasi. Uxa gugandik espiritu loi horiek. Eta orduan, gutxien espero genuenean, Zu izango zara gure itxaropena, gure sendotasuna. Eta Paulok bezala guk ere esan ahal izango dugu: “Nik badakit nortaz fidatu naizen”. Eta konturatuko gara gurutzetik datorkigula bizia.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.