HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 22

Aldi hartan, etorri zitzaizkion batzuk Jesusi, galilear batzuei gertatuaren berri ematera: nola Pilatok hil zituen, eskaintzen ari ziren oparien odolarekin haiena nahastuz. Jesusek erantzun zien: «Uste al duzue galilear haiek gainerako galilearrak baino bekatariago zirela, horrelako heriotza izan zutelako? Ezetz diotsuet, eta, bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok era berean galduko zarete. Eta Siloeko dorrea gainera erorita hil ziren hemezortzi haiek, uste al duzue gainerako jerusalemdarrak baino errudunagoak zirela? Ezetz diotsuet, eta, bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok era berean galduko zarete». Eta parabola hau esan zien: «Gizon batek pikondo bat zeukan, bere mahastian landatua. Joan zen piku bila eta ez zuen aurkitu. Orduan, esan zion mahastizainari: “Bada hiru urte pikondo honetara piku bila natorrela, eta ez dut aurkitzen. Moztu ezazu. Zertako eduki hor, lurra alferrik jaten?” Mahastizainak, ordea, erantzun zion: “Jauna, utzazu aurtengoz; bitartean, ingurua aitzurtu eta ongarria botako diot, ea aurrerantzean fruiturik ematen duen; eta bestela, moztu”».

Lukas 13, 1-9.

Gauzak ondo egiten ditugunean Jainkoak saria ematen digula eta bekatua egiten dugunean, aldiz, zigortu egiten gaituela pentsatzeko joera izaten dugu maiz. Jesusek, ordea, hori guztia bestela azaltzen digu pasarte honetan.

Bizitzan gertatzen zaizkigun zoritxarrak ez dira Jainkoak gure ekintza gaiztoengatik jarritako zigorrak. Izan ere, guztiak gara bekatariak, neurri eta modu batean edo beste batean, eta Jainkoak horrela jokatuko balu, guztiok mereziko genuke zigorra. Ez dugu arrazoirik, beraz, gainerakoak baino hobeak garela pentsatzeko. Bihotz berritzeko beharra daukagu denok, galduko ez bagara!

Jainkoak, gainera, guk ez daukagun pazientzia izaten du gurekiko. Guk erraz esaten dugu “honelakoekin ez dago zer eginik” eta halako jendeari gure konfiantza ukatzen diogu. Jainkoak, berriz, ez. Berak nahi dituen fruituak ematen ez baditugu ere, laguntza eman eta beste urte baterako aukera eskaintzeko prest egoten zaigu beti. Otoitz egin dezagun, bada, prestatu digun inguruan Jainkoaren ongarria aurkituta, berak gurekin duen pazientzia bera guk ere neba-arrebekin edukitzeko.‑

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.