HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 17

Aldi hartan, jende arteko batek esan zion Jesusi: «Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nirekin erdibanatzeko». Jesusek erantzun zion: «Lagun, nork jarri nau Ni zuen artean epaile edota ondasun-banatzaile?». Eta jendeari esan zion: «Kontuz! Gorde zeuen burua diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere». Gero, parabola hau kontatu zien: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion. Eta honela hasi zen berekiko pentsatzen: “Zer egin, ez baitut uzta non jasorik”. Eta beretzat esan zuen: “Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak egingo ditut eta haietan jasoko ditut garia eta gainerakoak. Gero, esango diot neure buruari: “Ea, motel! Baduk hor gordeta urtetarako ondasunik aski; hartu atseden, jan, edan eta bizi ongi!” Baina Jainkoak esan zion: “Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duk. Norentzat izango duk pilatu duana?”». Eta honela amaitu zuen Jesusek: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, ondasunak beretzat pilatzen dituenari».

Lukas 12, 13-21.

Jesusen ustez aberastasuna Jainkoaren kontrako jainkoa zen, Aitaren arerioa, alegia. Eta ondo pentsatzen badugu, pasarte honetan bezala, diruak diru gehiago nahi du soilik; guk ere edozer egiten dugu, gehiago eta gehiago lortzeko, dirua jainko bihurtzen dugun arte; eta dirua gure bizitzako helburu nagusi bihurtu denean, gauzarik sakratuenak (jendearen lana, etxebizitza… gizakien biziak ere bai!) sakrifikatzen dizkiogu merkatuaren aldarean. Idolatria hutsa!

Konfiantza handiagoa jartzen dugu maiz diruan (kontu korrontean, lanpostu onean, aurrezkietan…) Jainkoagan baino. Areago, batzuetan diru pilatze hori Jainkoaren nahia dela iruditzen zaigu, zentzuzkoa delako hain zuzen ere. Baina Jesusek argi esaten digu gaur: “Nork jarri nau ni zuen arteko diru banatzaile?”.

Jainkoak Aita izan nahi du. Eta horretarako bere seme-alabok neba-arreba izatea behar du. Horrexek axola dio Jainkoari. Ibil gaitezen kontuz, beraz. Diruak, aberastasunak,  segurtasunak, erosotasunak ez diezagutela eragotz nebaarrebatasun‑ hori, Aitaren proiektuarekin bat egin nahi badugu behintzat.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.