HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 2

Aldi hartan, fariseuek eta lege-maisuek esan zioten Jesusi: «Joanen ikasleek sarri egiten dute barau eta otoitz, baita fariseuen ikasleek ere; zureak, ordea, jan eta edan ari dira». Jesusek erantzun zien: «Nola nahi duzue ezteietara deituek barau egitea, senar berria berekin dutelarik? Etorriko zaie, bai, senar berria kenduko dieten eguna; orduan, egun hartan, egingo dute barau». Parabola hau ere esan zien: «Inork ez du jantzi berririk urratzen, zaharrari adabakia ipin tzeko; bestela, jantzi berria hondatu egingo litzateke eta zaharrari ez litzaioke berriaren adabakia egoki etorriko. Ez du inork ardo berririk sartzen ere zahagi zaharretan; ardo berriak zahagiak lehertu egingo lituzke; ardoa isuri egingo litzateke eta zahagiak galdu. Ardo berria zahagi berrietan sartu behar da. Ardo zaharrarekin ohitua dagoenak ez du berririk nahi, “zaharra hobea duk” esaten baitu».

Lukas 5, 33-39.

Fariseuek eta lege maisuek baraua eta otoitza jatetik eta edatetik bereizten dituzte, lehenengo jardunak “ontzat” eta bigarrenak “txartzat” hartu, Joanen eta Jesusen arteko aldea agerian uztearren beharbada, Itun Zaharraren ontasuna azpimarratzeagatik beharbada. Eta Jesusek, aldiz, festa, ezteiak –lege maisuak euren itsutasunean ez ziren gogoratu Itun Zaharrean Jainkoaren seinale zirela– eta ardo eta zahagi berriak aldarrikatzen ditu.

Guretzat Berria eta Ona den Ebanjelioa zer bihurtu dugu? Zenbat ospatzen dugu Berri Ona jaso dugula? Gure artean balego bezala bizi gara ala nahi eta ezinak baino ez ditugu somatzen?

Edozein toki eta garaitako “fariseu” eta “lege maisuek” bizitzako alderdi eta ñabardura guztiak ezabatu eta aniztasuna era bakarrean antolatu nahian dabiltza. Jesusen era ote da era hori?

Marixabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.