HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 30
Aldi hartan, Jesus Galileako Kafarnaum hirira jaitsi zen, eta larunbatetan jendeari irakasten zion. Txunditurik zegoen jendea haren irakaspenaz, nagusitasunez hitz egiten baitzuen. Bazen sinagogan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat, eta oihu bizian zioen: «Zer duk gurekin, Jesus Nazaretarra? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua». Jesusek gogor eraso zion: «Isil hadi eta atera gizon horrengandik! Deabruak jendartean lurrera bota zuen gizona, baina batere kalterik egin gabe atera zen harengandik. Ikaraturik gelditu ziren denak, elkarri galdezka: Zer da hau? Nagusitasunez eta indarrez agintzen die espiritu gaiztoei, eta hauek atera egiten dira». Jesusen entzutea herrialde hartako bazter guztietara zabaldu zen.
Lukas 4, 31-37.
Jesusen autoritatea hain zen handia, espiritu gaiztoek ere kasu egiten ziotela. Gaurko Ebanjelioaren espiritu gaiztoak badaki Jesus Jainkoaren Santua dela eta, horregatik, haren aurrean otzana da, harengan sinesten ez badu ere. Jesusek ba al du autoritaterik niretzat? Erantzuna ezezkoa bada, kristau edo Jesusen jarraitzaile dei naiteke? Eta erantzuna baiezkoa bada, zer autoritate mota aitortzen dut Jesusengan? Jakina, Jesukristok badu aginpidea gure bizitzetan, baina autoritate horren iturria ez da Jesusi diogun beldurra, Jesusenganako dugun maitasuna baizik. Deabru gaixoak beldurragatik obeditu zion Jesusi, guk, aldiz, maitasunarengatik obeditzen diogu. Gure kristau-bizitza beldurrean oinarritzen bada, Jesusi beldurrez jarraitu eta obeditzen badiogu, ez al gara deabru gizajoak bezalakoak?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.