HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 27

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Gizon batek, urrutira joaterakoan, bere morroiei dei egin eta bere ondasunak utzi zizkien. Bati bost talentu eman zizkion, beste bati bi, beste bati bakarra; bakoitzari bere trebetasunaren arabera. Eta gero joan egin zen. Bost talentu hartu zituena haiekin lanean hasi zen berehala, eta beste bost irabazi zituen. Bi hartu zituenak ere gauza bera egin zuen, eta beste bi irabazi zituen. Bat hartu zuenak, ordea, lurrean zuloa egin eta han gorde zuen bere nagusiaren dirua.

Handik luzarora, etorri zen morroi haien nagusia, eta kontuak garbitzen hasi zitzaien. Hurbildu zen bost talentu hartu zituena, eta beste bost eraman zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; begira, beste bost irabazi ditut”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi zintzoa eta leiala! Gauza txikian leial izan zarelako, askoren buruzagi egingo zaitut; sartu zeure nagusiaren festa ospatzera”. Hurbildu zen bi talentu hartu zituena, eta esan zion: “Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; begira, beste bi irabazi ditut”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi zintzoa eta leiala! Gauza txikian leial izan zarelako, askoren buruzagi egingo zaitut; sartu zeure nagusiaren festa ospatzera”. Azkenean, hurbildu zen talentu bat hartu zuena, eta esan zion: “Jauna, banekien gizon zorrotza zarela; erein ez duzun tokian igitatzen, eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna. Beraz, beldurrez joan nintzen, eta lurpean gorde nuen zure talentua. Hemen duzu zeurea!” Nagusiak erantzun zion: “Morroi gaizto eta alfer hori! Bahekien, beraz, erein ez dudan tokian igitatzen dudala nik, eta zabaldu ez dudan tokian biltzen. Horregatik, nire dirua diru-trukatzaileei utzi behar hien, nik, etortzean, irabazi eta guzti jaso nezan. Ken iezaiozue, bada, talentu hori, eta eman hamar dituenari. Duenari eman egingo baitzaio, eta gainezka izango du; ez duenari, berriz, duen hura ere kendu egingo zaio. Eta morroi alfer huts hori bota kanpoko ilunpera. Han izango da negarra eta hortz-karraska!”».

Mateo 25, 14-30.

Gaurko Ebanjelioak irakasten digun gauzetako bat hauxe da: gure dohainak arbuiatzen baditugu, Jainkoa ere arbuiatzen dugu, hark sortu baikaitu ditugun eta garen dohain horiekin. Gure dohainak ezagutzen jakin behar dugu Jainkoaren Erreinuaren zerbitzura jartzeko. Jainkoak nahi duena da ditugun talentuez kontziente izan gaitezen eta ez beldurrik izatea haiek praktikan jartzeko, fruitu asko eman dezaten. Jainkoari aintza emateko bizi gara. Zer hoberik horretarako gure dohainen eta talentuen garapena baino? Ez, ez gaude gure talentuak lurperatzera deituak, beraiek ureztatzera baizik, existentzia hazi eta ernaldu dezaten.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.