HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 3

Aldi hartan, Tiroko eta Sidongo lurraldera aldendu zen Jesus. Hartan, inguru haietan bizi zen emakume kanaandar bat deiadarka hasi zitzaion: «Jauna, Daviden Semea, erruki zakizkit! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba  Baina Jesusek ez zion hitzik erantzun.

Ikasleak, hurbildurik, erreguka ari zitzaizkion: «Egiozu kasu, eta doala, deiadarka baitatorkigu atzetik». Jesusek, ordea: «Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak». Baina emakumea, hurbildurik, ahuspez jarri zitzaion, esanez: «Lagun iezadazu, Jauna!». Jesusek, orduan: «Ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea». Emakumeak erantzun zion: «Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte nagusien mahaitik erortzen diren ogi-apurrak». Orduan, Jesusek esan zion: «Emakumea, handia da zure fedea! Gerta bekizu nahi duzun hori». Eta une hartatik sendatua gelditu zitzaion alaba.

Mateo 15, 21-28.

Jesusek behin eta berriz errepikatzen du gaurko azken esaldia: “handia da zure fedea”, “zure fedeak salbatu zaitu”, “guztia posible da sinesten duenarentzat”… edo bere herrira joatean esango zaigu ezin izan zuela han inor sendatu beraien fede ezagatik.

Ez da kasualitatea Jesusek emakume kanaandar honen fedea aztertu eta proban jarri izana sendaketa aurretik. Jesusena ez da mirariak egitea besterik gabe, ikasleek eskatzen dioten eran, esanez bezala, “hala, egizu beste miraritxo bat, emakume honek bakean utz gaitzala, eta goazen gu geure kontuetara”. Jesusi pertsona inporta zaio, eta pertsonaren barneko fedea azaleratzen du, eta pertsonaren barne fede horren indarrak mugitzen du Jesus bera.

Fedea da mugak apurtzen dituena. Fedea da emakumea Jesusengana bideratzen duena. Fedea da Jesus emakumearen aurrean txunditurik uzten duena.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.