HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 24

Aldi hartan, Jesus otoitzean ari zen leku batean; bukatu zuenean, ikasleetako batek esan zion: «Jauna, irakats iezaguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi zien bezala».

Jesusek esan zien: «Otoitz egitean, esazue: “Aita, santu izan bedi zure izena, etor bedi zure erreinua, emaguzu egunean eguneko ogia, eta barkatu gure bekatuak guk ere zor diguten guztiei barkatzen diegunez gero, eta ez utzi gu tentaldian erortzen”». Gero, esan zien: «Eman dezagun, zuetako batek adiskide bat duela eta gauerdian datorkiola, esanez: “Adiskide, emazkidak hiru ogi, itzuliko ditiat eta; lagun bat etorri zaidak bidaian eta ez zeukaat zer eskaini”. Eman dezagun, besteak barrutik erantzuten diola: “Utz nazak bakean! Atea itxia zegok, eta haurrak eta neu oheratuak; ezin naitekek ematera jaiki”. Hau diotsuet: adiskidea duelako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jaiki eta emango dio behar duena» Hau diotsuet, beraz: «Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko dizue; eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitu, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio. Zuetako norbaitek, aita izanik, semeak arraina eskatuta, sugea emango ote dio arrainaren ordez? Edota arrautza eskatuta, eskorpioia emango ote dio? Beraz, zuek, gaiztoak izanik ere, zeuen seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez gehiago ez ote die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei!».

Lukas 11, 1-13.

Barnetik ateratzen zaigu Jainkoarekin hitz egiteko desioa. Gogoan Jesusen hitzak:

Aita

Nire Aita, baina ez nirea bakarrik, baita nire lagun hurkoarena ere, lagun edo etsai izan, guztiok senide egiten gaituzu.

Santu izan bedi zure izena

Gu bezalakoa egin nahi izan zenuen, gu Zu bezalakoak izateko: herri santua, gizon-emakume santuak.

Etor bedi zure erreinua

Gure eskuaz baliatzen zara erreinua eraikitzeko, munduaren eta lagun-hurkoaren zauriak sendatzeko.

Emaguzu egunean eguneko ogia

Gure gorpua eta espiritua elikatzeko hain beharrezkoak ditugun ogia eta Hitza.

Eta barkatu gure bekatuak

“Non da anaia?” (Has 4, 9). Harrokeria, bekaizkeria, jeloskortasuna… beti besteen gainetik geratu beharra… barkatu Jauna, nireari besterik ez diodalako begiratzen.

Guk ere zor diguten guztiei barkatzen diegunez gero.

Zuk erakutsi zenigun barkamenaren bidea, gorrotoak ez garamatza inora; lagundu iezaguzu guri ere barkatzen.

Eta ez utzi gu tentaldian erortzen

Tentaldia beti da gozoa, ikusgarria eta desiragarria; munduak horrelakoak ugari eskaintzen dizkigu, eta gu… erortzen gara. Lagun gaitzazu ez erortzen.

Eta etengabe eskatu: maite gaitu, eta ez gaitu bakarrik utziko.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.