HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 20
Egun hartan, Jesus etxetik irten eta itsasertzean eseri zen. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion inguruan, txalupa batera igo eta bertan eseri zen. Jende-taldea, berriz, hondartzan zegoen. Gauza asko esan zien, parabola bidez hitz eginez: «Behin batean, atera zen ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten. Beste zenbait ale harri artean erori zen, lur handirik ez zen lekuan, eta, lur axala izanik, berehala erne zen; baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiak, haztean, ito egin zuen hazia. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta fruitua eman zuten: bateko ehun nahiz hirurogei nahiz hogeita hamar. Belarririk duenak entzun beza».
Mateo 13, 1-9.
Jende asko elkartu zaio Jesusi, txalupara igo beharra du, eta oraingoan bere alderdi pesimista ateratzen duela dirudi: Jende asko dago, baina guztiek ez dute jarraituko… Zenbat aldiz guk ere berdina esan dugu zerbait antolatu nahi izan dugunean; hitz eta animo asko, baina esku gutxi gauzak aurrera atera ahal izateko.
Baina ez, esanahia ez doa hortik. Zu zara alea, ni naizen bezala, eta Jesusek gutako bakoitzari begiratzen digu.
Agian burua “txoriz” beteta duzu, eta horretan Jaunaren hitzak zuregan ez du inolako oihartzunik. Litekeena da zure bizitza “zapping” bat izatea; kate batetik bestera aldatuz zoaz, inon geratu gabe, inon sustraitu gabe, bizitzako mandoari bueltak ematen dizkiozula, erretzen den arte. Beharbada lur onean erori zara, buruko txoriak uxatu dituzu, sustraiak gero eta sakonagoak dira, eta fruitu ona ematen ari zara.
Eta hor dago parabolaren mamia, ez da pesimismo edo optimismo kontua, beste zerbait da… Zu zara alea, baina, zer nolako alea zara?
Ez ahaztu: Jaunak guztiok nahi gaitu berarekin, zu ere bai.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.