Zentzumenak

2022 Uzt 18

Zentzumen hitza entzuten dudan bakoitzean, gogora datozkit bere garaian ikasi nituen datozen bostak: ikusmena, entzumena, dastamena, ukimena eta usaimena. Ez dira zentzumen bakarrak, baina ezin ukatu bizi garen mundua (bere dinamismo guztiekin, harremanak barne) ezagutzeko duten balioaz.

Zentzumenek gure inguruan zer gertatzen ari den esaten digute, baina hona hemen magia: zentzumenen organoek (begiek, belarriek, mingainak, larruazalak eta sudurrak) informazioa jasotzen dute, eta ondoren gure burmuinak informazioari zentzua ematen dio; beste modu batera esanda, burmuinak guztia interpretatzen du.

Jokabide guztiz aktiboa du, eta zentzumen organo bakoitzetik jasotako informazioa esanahiz betetzen du; egiten du bai, bere muga guztiekin. Burmuina ez da bideokamera bat, eta jasotzen duen informazioa zulo beltzez osatuta dago; noski, zulo beltz horiek gure burmuinak osatzen ditu gure esperientziaz baliaturik, baita ditugun pentsaerak eta sinesmenak ere kontuan izanik (hor kokatzen dira besteak beste gure aurreiritziak). Erabiltzen dituen prozedurak automatikoak dira, oso azkarrak, eta azkenean “mundua” nolakoa den azaltzen digu.

Kontua da, guztia interpretatzen duela, eta horregatik garrantzi handia du gure zentzumenak hezteak. Zer ikusi, entzun, usaindu, ukitu, edo dastatu hezi behar dugun zerbait da. Pobrezia ikusten ez dutenak inguruan ditugu, errukia zer den usaintzen ez dutenak ere baditugu; nola ukitu sufrimendua, edota  entzun justiziaren garrasia. Nola dastatu Bizia, benetakoa den Bizia, besteari emateko den jaso dugun bizia?

Bakoitzari dagokigu gure zentzumenak heztea, eta bakoitzak erantzun behar diogu galderari: Nolakoa da nik ikusten, entzuten, usaintzen, ukitzen eta dastatzen dudan mundua?

Hezitu ditzagun gure zentzumenak, ez dezagun guk ere tximinoarena egin: ez ikusi, ez entzun, eta ondorioz, ez hitz egin.