HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 17
Aldi hartan, Jesus herrixka batean sartu zen, eta Marta zeritzan emakume batek etxean hartu zuen. Bazuen honek Maria izeneko ahizpa bat, eta hau, Jaunaren oinetan eserita, haren hitza entzuten zegoen. Marta, berriz, lanpetua zebilen etxeko zereginetan. Orduan, Martak Jesusen aurrean jarri eta esan zion: «Jauna, ez al dizu axola nire ahizpak lan guztia nire gain uztea? Esaiozu laguntzeko» Jaunak, ordea, erantzun zion: «Marta, Marta, gauza askorengatik zabiltza kezkatua eta larri; baina bakarra da beharrezko. Alderdirik onena aukeratu du Mariak, eta ez dio inork kenduko».
Lukas 10, 38-42
Beti iruditu zait oso interesgarria Jesu eta emakumeen arteko harremanak behatu eta horren gainean hausnartzea. Iruditzen zait gaur egun “maskulinitate alternatibo” edota “ez zapaltzaile” gisa deitzen duten adibide paradigmatikoa dela: bere sasoi eta testuinguru geografikoan eta kulturalean nagusi zen patriarkalismo gordinetik nabarmen aldentzen da, ez bada horren kontra zuzenean joz, emakumeekiko ahalduntze eta askatze uhera utziz eta haiekiko harremanetan, bere bizitzako beste arloetan bezala, askatasun handia erakutsiz.
Beste batzuetan bezala, seguruenik era diferentetan interpretatu eta analizatu egin daiteke pasarte hau. Lehen begiradan balirudike Martak dioena zentzuzkoa dela, arrazoia duela: nolatan Maria ahizpak etxeko lan guztiak bere gain uztea?
Reseña Bíblica aldizkariaren azken alean (114 zenbakia, 2 – 2022. “Sexo y Placer en la Biblia”) irakurri berri dudan eta erabat gomendagarria den artikulu batean (“La sexualidad de Jesús”) jasota dagoena oso iradokigarria iruditzen zait eta hona ekarriko dut labur euskaraz: interpretazio klasikoan ekintzaile bizitza aktiboaren eta kontenplazio bizitzaren artean egiten den bereizketak agian pentsamendu patriarkal bat erreproduzitu egiten du; Jesuk aldiz, gizarte hartan emakumeari ezarritako etxeko lanak egiten ari zen Martari esan dion horren bidez, apurtu egiten ditu gizonei eta emakumeei esleitutako rolak, izan ere, emakumeei ere aitortu egiten dizkie gizonekiko berdintasunez dizipulua (discipulus, discere-tik eratorria, ‘ikasi’, ‘ezagutu’) izateko aukera eta gaitasuna. “Maria … Jaunaren oinetan jarrita , honen hitza entzuten zegoen”; “Alderik onena aukeratu du Mariak”
Modu berean, gizarte hartan zentzu hertsian emakumeei zegokien etxe-esparruko irudiak erabiltzen ditu askotan bere irakaspenetan. Arreta jartzen zuen emakumeen egoeran eta zereginetan, eta horretatik ikasi egiten zuen bere mezuan txertatzeko: Erreinua ogiari oratu egiten dion emakume baten modukoa da, txanpontxo bat topatzeko etxe osoa garbitu eta arakatu, miatu egiten duen emakumea bezalakoa da Jainkoa, bere dizipuluek alargunak duen iraunkortasunez egin behar dute otoitz, erne egon behar da bere mutil-lagunaren etorreraren zain, argi dauden neskasoen moduan.
Kasu hauetan guztietan, emakumea eta bere jarrerak eredu gisa agertzen dizkio nagusiki gizonez osatutako talde bati, duintasun osoa berari ere emanez: “ez dio inork kenduko”, bego!
Badugu bai oraindik Maisuarengandik zerikasi eta horren arabera zeregin, ez gutxi gure ekklesia-n.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.