HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 5

Aldi hartan, deabruaren menpe zegoen mutu bat ekarri zioten Jesusi. Honek deabrua bota zuen eta mutua hizketan hasi zen. Jendeak, harriturik, zioen: «Ez da Israelen egundaino horrelakorik ikusi» Fariseuek, berriz, hau zioten: «Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu honek deabruak» Herriz herri eta auzorik auzo zebilen Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuari buruzko Berri Ona hots egiten eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzen. Jendetza ikustean, erruki izan zuen, nekatua eta lur joa baitzegoen jende hura, artzainik gabeko ardiak bezala. Orduan, ikasleei esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara».

Mateo 9, 32-38.

Jesusen ikasleek bere izatearen muina apurka-apurka agertzen digute, gure bizitza eredu berekoa izan dadin. Haren sentipen eta bihotzondoa ispilu batean jarten digute.

Nolakoa da bere begirunea errealitatea ikustean, eta pertsonen egoera jasatean? Hainbeste jende ezagutzen dugu makal, lagunen beharrean, solidaritzaren indarra ezagutu beharrean… Gaurko kristauok, Jesusen eredua egia bihurtzea nahi badugu, eskuhartzera deituak gara, dakigun moduan, ezbeharrak konpontzera, laguntasuna eskaintzera. Jesus beraren bihozberatasuna egia bihurtzera.

Pasarteak dio Jesus hara eta hona ibili zela, Jainkoaren berri ematen, samurtasuna eskaintzen eta ezbeharrak osatzen. Egitasmo sendoa eta miresgarria. Jende herrikoi eta apalak ontzat ematen zituen ekintzak, Jainko zaletasun berri bat agertu zuelako, baina beste batzuei ezina agertzen zitzaien euren barrenean horrelako jainkotasuna ez zelako egokia. Nola izan zitekeen Jesusek agertzen zuen ontasun merezi gabekoa?

Hainbeste zalantza eta gatazkaren artean, Jesusek aurrera egiten du, argi dauka zein den bere betebeharra: ezagutzen zuen Jainko bihotz samurraren berri ematea. Bizipen sendo hau makalenen artean zabaltzen ibili zen, eta honekin kutsatu nahi gaitu.

Ez da sekula uztarik falta izango. Hainbeste pertsona dira minduak, maitasunaren zain…! Hau da gugan bizi dugun otoitz betea, Jainkoarengana zuzendu eta eskaria agertu: eroan gure biziak eta indarrak ‘txikiak’ zaintzera!

Ana Berrizbeitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.