HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 6

Jesusen gurutzearen ondoan zeuden haren ama, amaren ahizpa, Maria Kleofasen emaztea, eta Magdalako Maria. Jesusek, bere ama eta honen ondoan maite zuen ikaslea ikusirik, esan zion amari: «Emakume, horra hor zure semea» Gero, ikasleari esan zion: «Horra hor zure ama» Eta ordudanik ikasleak bere etxean hartu zuen. Ondoren, Jesusek, guztia betea zegoela jakinik, Liburu Santuak esana erabat bete zedin, esan zuen: «Egarri naiz» Bazen han pitxer bat ozpinez betea. Orduan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsirik, ahora hurbildu zioten. Ozpina edan zuenean, Jesusek esan zuen: «Betea da dena» Eta, burua makurtuz, azken arnasa eman zuen. Pazko-jairako prestaketak egiteko eguna zen, eta judu-agintariek ez zuten nahi gorpuak larunbatez gurutzean gelditzerik, larunbat hura oso jaiegun handia baitzen. Horregatik, gurutziltzatuei berna-hezurrak hautsi eta handik kentzeko eskatu zioten Pilatori. Joan ziren, bada, soldaduak eta hautsi zizkieten berna-hezurrak Jesusekin gurutziltzatu zituzten biei. Baina, Jesusengana iristean, ordurako hilik zegoela ikusirik, ez zizkioten berna-hezurrak hautsi; soldadu batek saihetsa zulatu zion lantzaz, eta bat-batean odola eta ura atera ziren.

Joan 19, 25-34.

Aste Santuko denbora igaro berria delarik, harritu egin gaitzake Jesusen heriotzari buruzko pasarte honek. Francisco Aita Santuaren aginduz, 2018an ezarritako dekretu baten arabera, Mendekoste ondoko astelehena ‘Ama Birjina Maria Elizaren Ama ospakizuna Erromatar Egutegi Orokorrean’ izendatu zen. Hori da, beraz, gaur ospatzen den Mariaren aldeko besta berezia. Ofizialki berria izan arren, aspaldiko aurrekarietan oinarriturik, Paulo VI Aita Santuak, Vatikanoko II. kontzilioan, aldarrikatu zuen. Gaurko Ebanjelioan, Jesusen heriotzaren aurrean, bere Amaren presentzia errukitsua agertzeaz gain, dizipuluen babesle bezala ere aurkezten da. Elizaren inguruan bildutako fededun guztien amaren irudia hartzea bidezkoa da, beraz.

Garai honetan eta gure gizartean, emakumearen errebindikazioa egoera gorenean dago eta lortu dituen emaitzak, berdintasunaren eta eskubideen aldekoak neurri on batean hainbatekoak izan direla esan daiteke. Hala ere, emakumearen egoera ez da guztiz aintzazkoa.

Izan ere, aurre pausu handiak eman diren arren, askotan funtsezko zenbait balioen eskala aldatu da: duintasuna, errespetua, jarrera abegitsu eta desinteresatuaren zentzua, … Gaur ospatzen dugun eguna, egokia izan daiteke, emakumeek zein gizonek, Mariaren ereduari erreparatuz eta bere laguntza eskatuz pentsamendu sakon bat gai honi emateko.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.