HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 28

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Egi-egiaz diotsuet: Aitari zerbait nire izenean eskatzen badiozue, emango dizue. Orain arte ez diozue ezer eskatu nire izenean. Eskatu eta hartuko duzue, zuen poza bete-betea izan dadin. Orain arte irudi bidez hitz egin dizuet; baina badator ordua irudi bidez hitz egingo ez dizuedana, baizik eta argi eta garbi emango dizuet Aitaren berri. Egun hartan nire izenean eskatuko duzue, eta ez dizuet esaten Nik Aitari zuen alde eskatuko diodala; zeren Aitak berak maite baitzaituzte, zuek Ni maite izan nauzuelako eta Jainkoagandik etorri naizela sinetsi duzuelako. Aitagandik irten eta mundura etorri nintzen; orain mundua utzi eta Aitagana noa berriro».

Joan 16, 23b-28.

Eskatu eta jasoko duzue

Batzuetan kosta egiten zaigu benetan nahi duguna eskatzea. Sarritan ez dakigu ondo zer nahi dugun. Beste batzuetan, harrokeria, beldurra eta bestelako sentimenduak oztopo bihurtzen zaizkigu nahi duguna eskatzeko. Kontua da hau guztia maite dugunarekin eta nahi dugunarekin lotuta dagoela.

Gure poza bete-betea izatea da Jesusek egin duen guztiaren helburua. Bizitza eman du gure poza betea izan dadin. Maitatu besterik ez dugu egin behar, eskatu besterik ez dugu egin behar. Ebanjelioaren gonbita da Jesusekin lotzea, Hura Aitarekin lotzen den bezala.

Zer eskatuko zenuke gaur? Nori eskatuko zenioke? Nahi dudanari eska diezaioket ni maitatzen jarraitzeko, maite nauela eta zaintzen nauela esateko. Aitari eska diezaioket bere poza emateko, batez ere beharrezko poza ez dutenentzat.

Pello Azpitarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.