HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 25

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gauza asko dut oraindik zuei esateko, baina oraingoz ez zarete gai ulertzeko. Halere egiaren Espiritua etortzean, hark gidatuko zaituzte egia osoraino. Ez da bere kabuz mintzatuko, baizik eta entzungo duena esango dizue eta etorkizuna iragarriko. Hark nire aintza azalduko du, adieraziko dizuena niretik hartuko baitu. Aitak duen guztia nirea da; horregatik esan dizuet Espirituak niretik hartuko duela adieraziko dizuena».

Joan 16, 12-15.

ULERTZEKO GAI

Bizitzan, askotan gertatzen zaizkigu ulertzen ez ditugun gauzak. Horrek ziurgabetasunez biziarazten gaitu, beldurra sortzen zaigu eta horrek geldiarazi egiten gaitu. Badira sentimendu hori areagotzen duten gertaerak, hala nola pandemia, Ukrainako krisia edo krisi ekonomikoak.

Jesusek Espiritu Santua iragartzen digu. Benetako Espiritua izango da, Aitari lotua, Semea bezala. Jesusen bizitzari jarraipena emango dion Espiritua izango da.

Zer egiten dugu ziurgabetasunak hartzen gaituenean? Zein neurritan fidatzen gara Jesusez une zailetan gaudenean? Konfiantza izateko eta beldurrei aurre egiteko garaia da.

Pello Azpitarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.