HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 19

Aldi hartan, Maria hilobi ondoan zegoen, kanpoan negarrez. Eta, negarrez zegoela, hilobirantz makurtu zen eta bi aingeru ikusi zituen, zuriz jantziak, Jesusen gorpua egon zen lekuan eserita, bata burualdean eta bestea oinetan. Aingeruek esan zioten: «Zer duzu negarrez, emakume?» Hark erantzun zien: «Nire Jauna eraman dute, eta ez dakit non ipini duten» Hau esan eta berehala, atzera itzuli eta Jesus ikusi zuen zutik, baina ez zen konturatu Jesus zela. Jesusek esan zion: «Zer duzu negarrez, emakume? Noren bila zabiltza?» Hark, baratzezaina zelakoan, esan zion: «Jauna, zuk eraman baduzu, esadazu non ipini duzun, eta nik jasoko dut» Jesusek esan zion: «Maria!» Honek, hurbilduz, esan zion hebreeraz: «Rabbuni!» (hau da, «Maisu!»). Jesusekesan zion: «Utz nazazu, oraindik ez bainaiz Aitagana igo. Zoaz nire senideengana eta esaiezu: “Neure Aitagana eta zuen Aitagana noa, neure Jainkoagana eta zuen Jainkoagana”» Joan zen Maria Magdalena, eta berri hau eman zien ikasleei: «Jauna ikusi dut, eta hau eta hau esan dit»

Joan 20, 11-18.

Maria Magdalenaren negarra esanguratsua da. Malkoak sufrimenduaren, tristuraren, zapuzketaren eta alaitasunaren ahotsa dira (bizitzaren paradoxak edo uste bitxiak). Askotan malkoak onuragarriak dira, barnea lasaitzen dutelako, eta lurrean eroritako ura bezala, emankorrak ere izan daitezkeelako. Malkoen atzean bizitza fede-begiez begiratzen duenarentzat itxaropena ernetzen da.

Maria Magdalenari gertatu zitzaion bezala, Berpiztuak bizitzan utzitako aztarnak atzemateko zailtasun bat oroimina da: orainari emandako erantzuna iragan errepikaezinean bilatzea. Oroiminak atzean geratu denari erreparatzera eta eustera garamatza, “Edozein denbora iragan hobea izan zen” horretan murgiltzera. Orainari aurre egitea eta orainaldian gertatzen den Jainkoaren berri- tasuna aurkitzea eragozten digu.

Maria Magdalenari bezala, askatzearen espiritualtasunean murgiltzea eskatzen digu. “Askatuz” bakarrik ireki gaitezke etorkizunera. Hori egiten ez badugu, gure bizitza, gure elkarteak nostalgiko eta negarti geratuko dira, eta gure fedea eta gure konpromisoa ideologiara edo egindako esaldietara mugatuko dira. Magdalenaren “aska nazazu” horretan murgiltzea zera galdetzea da: zer da Jaunak askatzea eskatzen diguna, Bizidun gisa aitortu ahal izateko gaur, hemen eta orain?

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.