HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 11

Pazkoa baino sei egun lehenago, Jesus Betaniara joan zen; han bizi zen Lazaro, Jesusek hilen artetik piztu zuena. Afaria eskaini zioten; Marta zerbitzatzen ari zen, eta Lazaro Jesusekin mahaian zeudenetariko bat zen.

Mariak, nardo jatorrezko kilo erdi bat lurrun-usain gozoduna, balio handikoa, harturik, oinak igurtzi zizkion Jesusi, eta bere ile-adatsez xukatu. Etxea lurrin-usainez bete zen. Judas Iskariotek, salduko zuen ikasleak, esan zuen: «Zergatik ez da saldu ukendu hori hirurehun denarioan, eta dirua behartsuei eman?» (Hori esan zuen, ez behartsuak axola zitzaizkiolako, lapurra zelako baizik, eta, diru-poltsa berak zuenez, hara botatzen zutenetik ostu egiten zuelako.) Jesusek esan zion: «Utziozu bakean; nire hilobiratze-egunerako egin du hori. Izan ere, behartsuak beti dituzue zeuen artean; baina Ni ez nauzue betiko izango» Juduetariko asko, Jesus Betanian zegoela jakinik, hara joan zen, Jesusengatik ez ezik, baita hilen artetik piztu zuen Lazaro ikusteagatik ere. Apaizburuek, orduan, Lazaro ere hiltzea erabaki zuten, hura zela-eta herritar askok haiengandik alde egiten baitzuen eta Jesusengan sinesten.

Joan 12, 1-11.

Maitasunaren lurrina eta neurrigabekeria

Betania Jesusentzat adiskidetasun sakonaren lekua da. Espazio honek, bere mezuaren eta bizitzaren gatazkak sortzen ari diren gertakarien dentsitateari aurre egiteko indarra eta arnasa hartzen laguntzen dio.

Betania afari partekatuaren eta zeinuen lekua da, non hitzak indargabe bihurtzen direnean bihotzak sentitzen duena adierazteko toki sinbolikoa den.

Testuinguru horretan, Mariak Jesusen oinak lurrin baliotsuz igurtziko ditu, Jesusen bizitza emakumeentzat eta pobreentzat baliotsua baita. Mariaren keinu neurrigabeak, Jesusen oinak lurrinez eta laztanez igurtzeak Jesusekiko maitasun sakona adierazten du. Baina denek ez dute hizkuntza hori ulertzen, Judasek bezala, hari uko egiten diote eta eskandalizatuta geratzen dira, kalkuluaren logikak Ebanjelioa doakotasun hutsa dela onartzea eragozten baitio.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.