HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 9

Aldi hartan, jende asko biltzen ari zelarik, Jesus honela hasi zitzaien: «Gizaldi hau gaiztoa da. Ezaugarri eske ari da, baina ez zaio ezaugarririk emango Jonas profetarena besterik. Izan ere, ninivetarrentzat Jonas ezaugarri izan zen bezala, hala izango da Gizonaren Semea gizaldi honentzat. Auzi-egunean hegoaldeko erreginak gizaldi honetako jendearen aurka jaiki eta kondenatu egingo du, lurraren azken mugetatik etorri baitzen hura Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta hona hemen Salomon baino gehiago dena. Auzi-egunean ninivetarrek ere gizaldi honen aurka jaiki eta kondenatu egingo dute, haiek bihotz-berritu egin baitziren Jonasen predikuaz, eta hona hemen Jonas baino gehiago dena»

Lukas 11, 29-32.

Bihotz gogorkeria salatzen du gogor Jesusek. Bere haragian probatu ditu bere predikuak pizten dituen erresistentziak. Ez genuke guk ere ahaztu behar, fedea transmititzea hain zaila gertatzen zaigun garai honetan, Berri Ona ezagutzeko eta onartzeko, bihotz berritzeko, halako prestasuna behar dela. Une horretara arteko ohikeriak utzi eta bide berri bati ekitea, alegia.

Gure ohikerietan, baita gizarteko ohikerietan ere, eroso aurkitu gaitezke. Ondorioa gure bizitza pertsonalaren eta elkarbizitzaren nagikeria da: guztientzako ona eta bizitzeko jakinduria bilatzen dituen kontzientzia bera ahulduta dugula, ez gara dagoeneko asko saiatzen. Jabetzen bagara ere, gure egoera erabat aldatuko duen ezaugarri indartsu baten zain gaude. Ez da bihotz gogorkeria etsita dagoenaren eskaria, bere kaskarkerian eroso bizi denaren aitzakia baizik.

Ez zuten aitzakiarik izan ninibetarrek bihotz berritzeko. Ez zuen alferkeriarik izan Hegoaldeko Erreginak jakinduriaren bila joateko. Kontzientzia erne dutenen bi eredu garbi erabiltzen ditu Jesusek bihotz berritzeko prestasuna sustatu dadin gugan eta, kontzientzia zintzoz beraren irakaspenaren berri ona sumatuta, berari jarrai diezaiogun.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.