HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 8

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Otoitz egitean, ez jardun esan eta esan, jentilak bezala, uste baitute beren hitz-jarioari esker entzungo diela Jainkoak.

Ez izan haien antzeko, badaki-eta zuen Aitak zer behar duzuen, zuek eske hasi baino lehen. Beraz, zuek honela egingo duzue otoitz: «Gure Aita, zeruetan zarena: santu izan bedi zure izena, etor bedi zure erreinua, egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean ere. Emaguzu gaur egun honetako ogia; barkatu gure zorrak, guk ere geure zordunei barkatzen diegunez gero, eta ez utzi gu tentaldian erortzen, baina atera gaitzazu gaitzetik»

Izan ere, zuek besteei beren hutsegiteak barkatzen badizkiezue, zuei ere barkatuko dizkizue zeruko zeuen Aitak; baina besteei barkatzen ez badizkiezue, zuei ere ez dizkizue barkatuko Aitak zeuen hutsegiteak»

Mateo 6, 7-15.

Ondo ezagutzen gaituen lagunarekin ez dugu hitz askoren beharrik, harekin luze hitz egiten badugu ere. Esaten dugunak du garrantzi handia, hitz horiek medio gertaberritzen den harremanak du erabateko garrantzia. Gure hitzak eskasak direnean ere, lagun onek ulertzen digute, ezagutzen dute gure hitzen nondik norakoa, eta haien harrera onak, aholku argiak edo maitasunezko zuzenketak onura ekartzen digute.

Jainkoarekin berdin. Jesusek ikasleei erakutsitako otoitzak, era guztietako kristauen ezaugarria den otoitz horrek, Jainko Aitarekin konfiantzaz beteriko harremana bizirik mantentzen lagundu diezaguke. Gure Aitak, ezer baino lehen, harreman bat adierazten eta sortzen baitu guregan Jainkoarekiko: Jesusek duenaren antzerako harremana.

Jainkoari otoitz egitea, Jesusek ezagutzera ematen digun erara, dohain askatzailea da: gure erantzukizuna eskatzen duen dohaina, ordea, eguneroko harremanetan eta gorabeheretan egiaztatzen dena. Otoitza eta bizia bat izatera deituak daude: gure otoitzaren arabera bizi gaitezen, eta gure bizitzaren araberakoa izan dadin gure otoitza.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.