HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 3

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufritu beharra du; zaharrek, apaizburuek eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, baina hirugarren egunean piztu egingo da» Eta hau esan zien denei: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza eguneroko bere gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia salbatu nahi duenak galdu egingo du; baina bere bizia nigatik galtzen duenak salbatu egingo du. Zertako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badu?»

Lukas 9, 22-25.

“Zertarako?” Hori da kezka eta koska. Jesusentzat Jaungoikoaren Erreinua izan zen bere bizitzaren “zertarakoa”. “Zertarako” bakoitzak bere erabakiak sortzen ditu. Eta Jesusenak, Jaungoikoaren borondatea gauzatzean “galdu” eta “irabazi” arteko harremana hankaz gora jarri zituen: azkenak, lehenak; heriotza, bizitza; galtzea, irabaztea; maisua, zerbitzaria… Gure eguneroko bizitzan ere berdin gertatzen da, nahiz eta askotan igarri ere ez dugun egiten. Jesusen jarraitzaileak ez ziren hitz hauen esanahiaz jabetu Berpizkundearen osteko esperientzia izan arte. Berpizkundearen esperientziak eraman zituen bizitza aldaketara. Berpizkunde esperientzia heriotzaren ostekoa da bakarrik. Ordurarte, sufrikario dira pairatzen dugunari zentzua emanez “zertarakoak” mugi eta berriztaturiko esperientziak. Victor Franklek XX. mendeko II Mundu Gerrako kontzentrazio-esparruetatik bizirik atera zenean gogorarazi zigunak ondo baino hobeto gaurkotzen du Jesusen proposamena: “Zertarako bat bizitzeko duenak, aurkituko du nola.”

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.