HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 2

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Begira, gero: ez egin zeuen egintza onak jendaurrean, ikus zaitzaten! Bestela, ez duzue zeruetan dagoen Aitaren saririk izango.

Limosna ematean, beraz, ez ibili aurretik turuta jotzen, itxurazaleak sinagogetan eta kaleetan ibiltzen diren bezala, jendeak txalotu ditzan. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zuk limosna ematean, ordea, ez beza jakin zure ezkerrak zer egiten duen eskuinak; horrela, zure limosna ezkutuan geldituko da; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.

Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek bezala; horiek sinagogetan eta plaza-ertzetan zutik otoitz egitea maite baitute, jendeak ikus ditzan. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zu, ordea, otoitz egitean, sar zaitez zeure gelan, itxi atea eta egiozu otoitz ezkutuan dagoen zeure Aitari; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.

Barau egitean, ez agertu kopetilun, itxurazaleak bezala; aurpegia itsustu egiten baitute, barau egiten dutela jendeari agertzeko. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zuk, ordea, barau egitean, gantzutu zeure burua usain gozoz eta garbitu aurpegia, jendeak ez, baino ezkutuan dagoen zure Aitak ikus dezan zure baraua; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.

Mateo 6, 1-6. 16-18.

Itxuren eta diskrezioaren artean, zalantzarik gabe, barrutik jaiotzen den benetako ekintzaren alde egiten du Jesusek hautua. Gure garai honetan, ondo bezain ondo ulertzen dugu zer deritzo Jesusek. Argazki-kamera gabe ibiltzen ez dakigun garai honetan, erraza izan liteke itxurakerietan jaustea eta argazkirako era batera ibiltzea eta argazkitik at beste era batera. Eta sakonean ezer gehiagorik izango ez bagenu? Gure izanaren barrualdean, ezer gehiagorik ez balego? Bihotza – gure barnekotasunaren irudi bezala – zaindu beharra daukagu, egiten ditugunak itxurazalearenak izan ez daitezen. Bihotza zaintzeko errealitatetik hurbil bizi behar dugu. Pertsonak, gertakizunak eta inguruak ematen baitiete limosnari, barauari eta otoitzari benetako esanahia. Eurak direlako Jaungoikoaganako biderik laburrena.

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.