HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 10

Handik, Tiro aldera joan zen Jesus. Etxe batean sartu zen, eta ez zuen inork jakiterik nahi; baina ezin izan zen ezkutuan egon.

Alaba espíritu gaiztoak hartua zeukan emakume bat, Jesusen berri jakin zuenekoxe, etorri eta oinetan ahuspeztu zitzaion. Emakumea jentila zen, feniziarra. Eta bere alabagandik deabrua bota zezala eskatzen zion Jesusi.

Jesusek erantzun: «Utzi lehenik seme-alabak asetzen; ez dago ongi seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea» Emakumeak erantzun zion: «Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte seme-alaben ogi-apurrak mahai azpian»

Orduan, Jesusek: «Ederra erantzuna! Zoaz, bada; atera da deabrua zure alabagandik» Itzuli zen etxera eta ohean etzana aurkitu zuen alaba; alde egina zen deabrua.

Markos 7, 24-30.

Hitz gogorrak agertzen zaizkigu hemen Jesusen ahotan. Feniziarrak atzerritarrak zirenez, bigarren mailako gisa agertzen zaigu emakume hau irakurgaian: lehenengo gu, judutarrak, eta hondarrak geratzen badira, besteak.

Emakumeak, ordea, ez du iraintzat jotzen eta onartu egiten du Jesusek esandakoa. Umiltasunez bada ere, ez du onartzen bera Jesusen mesede eta graziatik kanpo geratzeko aukera, subertsio-otzantasuna agertzen du.

Bidegabekerien aurrean, gure lehen erantzuna protesta, garrasi edo indarkeria izan daiteke. Emakume honek, berriz, bere txikitasuna eta desberdintasuna onartuz, Jesusi zerbait erakusten dio ez delako isiltzen eta ez duelako bidegabekeria onartzen. Eta Jesusek txalotu egiten du bere erantzuna.

Pasarte honekin gonbidatuta sentitu gaitezke honako galderak egitera gure buruari:

Nola erreakzionatzen dut bidegabekerien aurrean? Nola erantzuten dut erasotua sentitzen naizenean? Nork gidatzen nau?

Honelako egoeretan, pauso bat atzera eman eta gure barnean dugun Maitasun Iturriarekin bat eginez gero, gure erantzuna berbera izango al litzateke?

Guk ere grazia eskatu dezakegu subertsio-otzantasuna agertzeko: bidegabekeriak onartu gabe, hauek aldatzeko lan eginez modu xumean eta bestearekiko gorrotoa eta amorrua agertu gabe.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.