Mk 7, 31-37
Gauza jakina da, Jauna.
Entzun ezin duenak
hitz egiteko ere zailtasunak ditu.
Hori gaur ere halaxe izaten da.
Gizon hura Jesusi eraman zioten
eskuak gainean ezartzeko,
arazoa horrela konponduko zelakoan;
baina hori ez zen –ez da— Jesusen estiloa.
Jesusek gizon hura aparte hartu zuen
eta, jendetzatik urrun biak bakarrik zeudela,
orduan bai,
sendatu egin zuen.
Horixe! Betiko gauza bera!
Gure esklabutzetatik askatzeko,
ezin gaindituzkoak iruditzen zaizkigun zailtasunak
gainditu ahal izan ditzagun,
Jesusek eta zuk ez duzue magia harrigarririk egiten,
ez duzue jendetzarentzako ikuskizuna antolatzen,
alderantziz:
benetako harremana posiblea izan dadin
aparte hartu,
norberaren arazoak norberarekin kontuz aztertu
eta gero “ireki”, “askatu” esaten duzue.
Eta geu egiten gara,
harreman horri esker,
gure posibilitateen jabe.
Eskerrik asko, Jauna,
egun batean Jesusekin topo egin nuelako;
eskerrik asko,
apurka-apurka sortu dugun harremanagatik;
eskerrik asko,
harreman hori nire utzikeriaz ahultzen denean
edo zailtasunak berriz ere gainditu ezinak egiten direnean
zugana eramaten nautenengatik.
Konpromisoa hartu nahi dut zurekin, Jauna,
pasarteko gizona bezala
ezindurik eta bazterturik daudenak askatzeko.
Baina batzuetan ez da erraza izaten,
ez dut jakiten zer egin,
ez dut jakiten zer esan momentu bakoitzean…
edo ez dut horretarako indarrik.
Lagun iezadazu,
garbitu ondo nire belarriak,
Jesusek nire kasuan zer egingo lukeen entzuteko,
eta Jesusen mihiari bizitasuna ematen ziona
ipini nire mihian ere;
horrela nik ere “ireki, askatu” esan ahalko dut
eta denek esango dute
guztia ondo egiten duzula,
jendeak orain zure proiektua entzun duela
eta mundu guztiarentzat ozen iragarri.