HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 28

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Jainkoaren erreinua gizonak lurrean hazia ereitean gertatu ohi denaren antzekoa da; hura lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta garatu egiten da, hark nola ez dakiela. Lurrak berez ematen du fruitua: lehenengo landarea, gero galburua eta, azkenik, alea galburua betean. Eta garia heltzean, igitaiaz ekiten zaio, uztaroa da eta» Beste hau ere esan zien: «Zeren antzeko dela esango genuke Jainkoaren erreinua? Zein parabolaren bidez adieraz genezake? Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereitean, hazi guztietan txikiena da; erein eta gero, ordea, gora egiten du eta beste barazki guztiak baino handiagoa egiten da; eta hain handiak dira botatzen dituen adarrak, txoriek habia egiten baitute haren itzalpean» Horrelako parabola askoren bidez iragartzen zien Jesusek mezua, haiek ulertzeko eran. Ez zien ezer irakasten parabola bidez izan ezik; baina bere ikasleei, bakarrean, guztiaren esanahia adierazten zien.

Markos 4, 26-34.

Jainkoaren erreinua gure artean gertatzen da (Lk 17,21), giza harremanei, gure arteko harremanei lotua.

Giza harremanak gure mundu dira, gure soro; eta Jainkoaren erreinua, gure soro horretan landutako hazia. Gure lurrak hazia jasotzen du eta bere baitan ernaltzen da, berez.

Erreinuaren hazia iraultzailea da, giza harremanen orea harrotzen eta eraldatzen du. Baina iraultza hori ez datza gure ahaleginean. Zenbat iraultza aldarrikatu dira gure artean, gure ahalegin guztia eskatu dutenak eta, azkenean, zapore mingotsez, ezerezean geratu dira! Ez da horrela Jesusek aldarrikatzen duen erreinuaren iraultza; ezer baino lehen, jaso egiten da; ez da guk behartzen dugun zerbait. Uzten badugu, berez ernalduko da, isiltasunean.

Isila eta txikia da hazi hori giza historiaren soroan, giza historiaren altzoan. Hazi hori da gure esperantza, zoritxar, min eta oztopo guztiez harago!

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.