HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 11
Kafarnaumen, larunbatean sinagogan sarturik, irakasten hasi zen Jesus. Jende guztia txunditurik zegoen haren irakaspenaz, nagusitasunez irakasten baitzien, eta ez lege-maisuek bezala. Bazen, hain zuzen, sinagoga hartan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat, eta oihuka esan zuen: «Zer duk gurekin, Jesus Nazaretarra? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua.» Jesusek gogor eraso zion: «Isil hadi eta atera gizon horrengandik!» Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra eman zion eta, garrasi handia eginez, atera egin zen harengandik. Guztiz ikaraturik gelditu ziren denak, elkarri galdezka: «Zer dugu hau? Irakaspen berria, eta nolako nagusitasunez emana gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen die, eta hauek haren esanak egiten dituzte!» Laster zabaldu zen Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.
Markos 1, 21-28.
Atzo Jesusek berarekin bizitzera deitu zigun, eta gaur bere bizitza, bere egunerokoa zertan datzan agertuko digu. Laburturik aurreko batean entzun genuen “sinagogetan irakasten, erreinuari buruzko Berri Ona hots egiten eta herrian gaitz eta eritasun guztiak sendatzen” hura gaur zehaztu egin zaigu Kafarnaumgo sinagogan.
Zalantzarik ez, Jesusek espiritu gaizto guztiak asaldatzen ditu, agerian jartzen ditu. Batez ere ezkutuan bizi ditugunak, on itxuran, Jainkoaren babespean edo izenean –Sinagogan– bizi ditugunak. Eta espiritu horiek ez dira erraz menderatzen, oso geure eginak baititugu, etxeko eginak, eta argumentu guztiekin defendatuko ditugunak. Jesusek halako astinaldi gogor bat ematen ez badigu, ez gara beraietaz libratuko. Eta ez gara jabetuko zer-nolako autoritatea eta nagusitasuna duen Jesusek. Ez gara harrituko eta besteek bezalako irakaspena duela pentsatuz geratuko gara.
Baina Jesusena guztiz ezberdina da. Astinaldi gogor bat eman diezagula.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.