HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 10
Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara joan zen eta Jainkoaren Berri Ona hots egiten zuen. Honela zioen: «Betea da garaia, eta hurbil da Jainkoaren erregetza. Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi Berri Ona!» Jesusek, Galileako itsasbazterretik igarotzean, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituen sareak uretara botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek honela esan zien: «Zatozte nirekin, eta giza arrantzale egingo zaituztet.» Haiek, berehala, sareak utzi eta jarraitu egin zioten. Aurrerago, Santiago eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi zituen; sareak konpontzen ari ziren beren ontzian. Ikusi bezain laster, dei egin zien Jesusek. Haiek, beren aita Zebedeo eta mutilak ontzian utzirik, Jesusen ondoren joan ziren.
Markos 1, 14-20.
Urte hasiera honek Jesusen jarraipenerako deia dakarkigu. Artzainek gurtzen duten haur aintzagarri agertu zitzaigun, Haragiztatutako Hitz, ilunpeak urruntzen dituen argi, bilaketen bizi-iturri… Orain, berriz, garaia betea denean, unea iritsia dela esaten digu, Berri Ona onartzeko, sinesteko, bizitzari bira emateko garaia iritsia dela. Erabaki beharra dagoela: sareartean jarraitu ala Jainkoaren erregetza dakarkigunari jarraitu. Eta erabakia ez da bat ala beste, baizik eta nolatan uko egin halako deiari? Nola leike Biziaren iturria denak niri deitzea, nigandik horrenbeste itxarotea?
Inoiz pentsa edo amesten ausartuko ez ginena bizitzera deituak gara. Berarekin bizitzera, Beraren ibilbide bera egitera, Bere ametsak, nahiak, ezinak… guztia partekatzera deituak. Nola esan ezetz, berea duen oro zuri eman nahian datorkizunari?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.