HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 31

Hasieran bazen Hitza, eta Hitza Jainkoarekin zen, eta Jainko zen Hitza.

Hitza hasieran Jainkoarekin zen. Gauza guztiak haren bidez eginak dira, eta egindakorik ezer ez da hura gabe egin.

Hitzagan zen bizia, eta bizia gizakien argia zen; argiak ilunpean argi egiten du, baina ilunpeak ez zuen onartu.

Agertu zen gizon bat, Jainkoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen, argiaren aitormen egitera, haren bidez guztiek sinets zezaten. Hura ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik.

Hitza zen egiazko argia, mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituena. Munduan zegoen eta, mundua haren bidez egina den arren, munduak ez zuen ezagutu.

Bereengana etorri zen, eta bereek ez zuten onartu. Onartu zuten guztiei, berriz, haren izenean sinesten dutenei, alegia, Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman zien.

Hauek ez dira giza odoletik sortu, ezta giza nahieratik ere, Jainkoagandik baizik.

Eta Hitza haragi egin zen, eta gure artean jarri zuen bizilekua, eta ikusi dugu haren aintza, Aitagandik graziaz eta egiaz betea datorren Seme bakarrari dagokion aintza.

Joanek hartaz egin zuen aitormen, oihuka esanez: «Hau zen nik esan nuen hura: “Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa baitzen”».

Eta haren betearen betetik guztiok hartu dugu, grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emana zen; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoen eta Jainko den Seme bakarrak ezagutarazi digu.

Joan 1, 1-18.

Joan-en araberako ebanjelioa dugu kanonikoetan denboran gurekiko gertuena, berriena alegia. Nabaria da bere baitan garaiko greziar filosofiaren kategoerien eragina, neoplatonismoarena bereziki, batez ere gaurko ebanjelioaren testua den honetan. Nola-halako hitzaurre metafisikoaren tankera hartzen du, non kreazioa, hirutasun-fede aitormena, ontologia, kristologia, profetismoa, Israelen  Legea, historia eta soteriologia ere maisuki barnebiltzen dituen. Badira ikerketa eta tratatu egoki ugari honetaz guztiaz nahi duenarentzat.

Jainko Abba, Espiritua eta Semearen arteko harreman intimoa eta komunikazioa (Hitza=Logos, Bizia, Argia, Egia, Grazia) da nik hasieran nabarmenduko nukeena, nolabaiteko oreka bermatzen duena; baina horrekin ezinbestez batera eta bereziki, gauden garaian areago, “Hitza haragi egin zen, eta gure artean jarri zuen bizilekua, eta ikusi dugu haren aintza”. Izan ere, “Jainkoa ez du inork inoiz ikus”, eta hortaz, ezagutu nahi duenak Egiaren bidea baino ez dauka:

…hustu egin zen bere handi-izateaz

eta esklabo-izaera hartu zuen,

gizakien antzeko eginez.

Gizaki huts bezala agertuz,

apaldu egin zuen bere burua,

heriotzaraino menpeko eginez,

gurutzean hiltzeraino (Flp 2,7-8)

“Ikusi dugu bere aintza”,  handi-mandikeriatik urrun,  gurutzea argi bilakatu zen.

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.